Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren emanaldi oso berezia da Irailaren 11n 20:30etan izango dena: Valentin Zubiaurre musikari garaitarraren Ledia, Ecos de Oiz, Fernando el emplazado eta Sinfonia en Mi piezak eskainiko ditu Euskadiko Orkestrak, Zubiaurreren omenaldia izango den kontzertuan. Izan ere, euskal musikarien lanen bilduma osatzen dihardu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, eta Zubiaurreren lanaren interpretazioaren grabazioa egin berri dute.
Musikaren bost alderdi
Eguazten honetan Alfredo Sainz eta Xabier Arana antolatzaileek eta Natxo Martinez zinegotziak aurkeztu dituzte Durangoko Musika Hamabostaldiko datozen lau hitzorduak. Orain hogei urte programarekin hasi zirenetik izan duten helburu berarekin, musika klasikoaren alderdi formatu eta estilo askotarikoen isla izan daitekeen programa osatzea bilatu dute aurten ere. Horrela, perkusio talde bat, saxo laukote bat, La leyenda del beso Zarzuela, eta Leioa Kantika Koralaren azken ikuskizunak osatzen dute aurtengo egitaraua.

Musikaren alderdi dibertigarri eta familiako adin guztientzako aproposenean, Valentziako Amores perkusio taldea (goiko argazkian ageri dena) izango da urriaren 4an 18:00ean, San Agustinen, Percutiendo ikuskizuna eskaintzen. Eguneroko objektuekin musika zelan egin leiteken erakusten dute valentziarrek ikuskizun oso bisualean. Alfredo Sainz Musika Eskolako zuzendariak nabarmendu du, 8 urtetik gorako umeek asko gozatuko dezaketen emanaldia dela Percutiendo.
Urriaren 31an bestalde, Frantziako Ellipsox Sax Quartet etorriko da Bartolome Ertzilla Musika Eskolako areto nagusian kontzertua eskainiko duen taldea. Kamera musikaren nazioarteko hainbat sari eskuratu duten lau musikari gazte dira laukotekoak.
Azarorako agendan apuntatzeko beste ikuskizun bi ere aurreratu dituzte Hamabostaldiko antolatzaileek; tartean Andeka Gorrotxategi tenorea izango duen Zarzuela Landakon, eta Leioa Kantika koralaren emanaldia.