"Gazteen eta etxeko jokalarien aldeko apustua egin dugu"

Anboto 2009ko abu. 28a, 13:50

Axier Intxaurraga (41 urte, Berriz) da Durangoko Kulturalaren entrenatzaile berria. Futbolari legez ibilbide luzea eta oparoa izan du. Orain hiru urte hasi zen entrenatzaile lanetan, Castillo taldearekin, eta Bigarren B Mailarako igoera fasea jokatu zuen. Errespetua oinarri daukala, ilusioa bueltatu nahi dio Durangoko klubari.

Axier Intxaurraga (41 urte, Berriz) da Durangoko Kulturalaren entrenatzaile berria. Futbolari legez ibilbide luzea eta oparoa izan du. Orain hiru urte hasi zen entrenatzaile lanetan, Castillo taldearekin, eta Bigarren B Mailarako igoera fasea jokatu zuen. Errespetua oinarri daukala, ilusioa bueltatu nahi dio Durangoko klubari.

Aurredenboraldia aztertuz, nola baloratuko zenuke?
Jokalariak gogor entrenatzen eta ilusioz ikusi ditut. Aurredenboraldiak sentsazio onak utzi dizkit.

Rikardo Txintxurreta kirol zuzendari legez ibiliko da aurten. Nolakoa da bion arteko Axier_barrua.JPGhartu-emana?
Oso ona. Berak deitu zidan proiektu berri horretarako. Nik ez nuen Euskal Herriko Hirugarren Maila ezagutzen, ezta jokalariek ere. Txintxurretak biak ezagutzen ditu, eta egoera berrira moldatzen lagundu dit.

Zortzi fitxaketa egin dituzue hainbat postutarako. Bion oniritziz egindakoak izan dira?
Bai. Nahiz eta nik jokalariak ez ezagutu, Txintxurretak emandako informazioarekin eta futbol arloko hainbat jenderen iritziak aintzat hartuta egin ditugu fitxaketak. Neuk eman diot bakoitzari azkeneko baietza.

Zer nortasun edukiko du aurtengo Kulturalak?
Fitxaketek erakusten dute zer bide jorratzen gabiltzan. Alde batetik, Durangoko eta Durangaldeko jokalariak ekartzen saiatu gara. Bestetik, gazteen aldeko apustua egin dugu. Horiek dira erabilitako irizpide biak: jokalari gazteak eta ahal dela etxekoak izan daitezela.

Jokamoldeari dagokionez, zer eredu jarraituko duzu?
Garrantzitsuena  jokalariek kontzeptuak argi izatea da, uneoro zer egin behar duten jakitea. Jokalariek egiten dutenaz disfrutatu dezaten saiatuko gara. Lana gustura egiten bada, giro onean, hobekuntzak arinago datoz.
 
Jokalari gazteen fitxaketak zaleen aldetik pazientzia eskatzen du?
Futbolean ez dago pazientziarik, hori garbi daukagu. Gazteak izango dira, baina Hirugarren Mailan jokatzeko maila daukate. Gazteen abantaila hobekuntzarako tarte handia dutela da. Hori lantzen saiatu behar dugu.

Azken urteak ez dira espero genuen besteko onak izan. Zaleen ilusioa berreskuratzea ere baduzue helburu?
Bai, jakina. Martxan ipinitako proiektuan konfidantza osoa daukagu. Fruituak ematen laster hasiko den esperantza daukagu, horrela zaleak zelaira gustura eta disfrutatzera etorri daitezen.

Liga etzi hasiko duzue, Santurtziren zelaian. 
Liga hasteko desiatzen gaude. Aurredenboraldian hainbat partidu jokatu dugu, baina ez da berdin. Konpetizioa beste kontu bat da.

Zer dakizue Santurtziri buruz?
Talde gogorra da, Hirugarren Mailan urte askoan dabilena. Hala ere, guk geure buruari begiratu behar diogu. Arerioari buruz hiru-lau klabe jakitea interesgarria da, baina geurean zentratu behar dugu. Garrantzitsuena guk zer egin behar dugun argi izatea da.

Zuk futbolari legez ibilbide luzea daukazu. Esaterako, Kulturalarekin Bigarren B Mailara igo zinen.
1986an izan zen. 18 urte nituen eta Eibarrek utzita jokatu nuen. Txintxurreta ere talde hartako jokalaria zen eta orduan ere elkarrekin egon ginen. Denboraldi zoragarria egin genuen. Orduan ez zegoen play-off-ik eta zuzenean igo ginen.

Las Palmasen, Malagan eta Elxen jokatu duzu, besteak beste. Futboleko nomada bat izan zara.
16 urtean ibili naiz kanpoko taldeetan jokatzen. Asko disfrutatu dut, eta horregaitik ibili naiz hainbeste urtean. Gustuko izan dut hara eta hona ibiltze hori, oso aberasgarria da. Gauzak ilusioz egitea funtsezkoa da.

Entrenatzaile legez Castillorekin Bigarren B Mailara igotzekotan egon zinen.
Bai. Jokalari zein entrenatzaile moduan jarraitzeko aukera eman zidaten, eta 38 urte nituenez, entrenatzaile izateko urratsa emateko une aproposa zela iritzi nion. Lehen denboraldian bosgarren geratu ginen; bigarren urtean play-off-a jokatu genuen eta Guardiolaren Bartzelonak kanporatu gintuen.

Talde ona zuten.
Oso ona. Talde hartan Busquets eta Pedritok jokatzen zuten, besteak beste. Esan beharrik ez dago futbolean oso ondo jokatzen zutela. 

Nola definituko zenuke zeure burua entrenatzaile moduan?
Beste guztien gainetik balore bat azpimarratu behar banu, errespetua litzateke. Lehenengo norbere burua errespetatu behar da, egiten dena sinesgarria izan dadin. Gero errespetuzko erlazioa sortu behar da besteekin. Hori da beti nire abiapuntua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!