Zuzendaria Valentin Atsotegi durangarra duen Leioako Kontserbatorioko 19 musikarik osatzen duten Leioa Big Band taldeak estreinatuko du jaialdia: ekainaren 26an, 20:30etan. Oso modu entzungarrian ekarriko dituzte Durangora Big Band formazio klasikoan jotzen dituzten doinuak.
Musikari dagokionez baita, eta aurkezpenean izan den Atsotegik azaldu duenez, “luxu eta sorpresa handia da" Uda Kalean Biziren programazioan Europako jazz musikari onenetarikoa eta Musikeneko irakaslea den Andrezj Olejniczak saxo jotzailea egotea. Uztailaren 3an Durangoko Etxezarreta parkeko emanaldian entzun ahal izango dugu musikari poloniarra.
Guztira, Durangoko txoko desberdinetan lau musika emanaldi izango dira jaialdi honen barnean, beste lau antzerki emanaldi, eta dantza ikuskizun bi. Ekainaren 26 eta uztailaren 26 bitartean izango dira guztiak.

Antzerkian, Kukubiltxo taldeko Haritza Rodriguez zaldibartarraren Mortimer bakarrizketa eta Ganso & Cia bikote durangarraren Caidos del cielo kale antzerki emanaldiak dira nabarmentzekoak. Uztailaren 4an San Ana plazan abiatuko da Caidos del cielo antzerki ibiltaria, eta uztailaren 2an 22:00etan da Haritza Rodriguezen Tabirako emanaldia. Haurrei zuzenduta bestalde, En La Lona antzerki taldearen Momento Ridiccolli hautatu dute ohikoa denez Udaletxeko plaza hartu dezan uztailaren 3an, 18:00etan.
Itinerarte-ren parte
Hegoameriketan sorturiko arte-lanak gurera ekartzea helburu duen Itinerarte sailaren barneko dantza garaikideko pieza bat izango da uztailaren 4an San Agustin kulturgunean. Mirella Carbone peruarraren 18 minutuko Paso Doble lanaren hasiera izango da, hain zuzen, uztailaren 4ko Ganso & Cia antzerki ibiltariaren azken geldialdia. Lehenengo urtea da Donostiako dFeria antzerki azokan aurkeztutako lan bat Durangora dakartena.
Ohiturari jarraiki, Kriskitin dantza taldeak antolatzen duen Nazioarteko folklore jaialdia hartuko du Uda Kalean Bizi-k uztailaren 10ean, 22:30etan. Ecuadorreko dantzariak dira aurtengo ediziorako gonbidatu dituztenak.
Programazio osoa:
LEIOA BIG BAND, ekainaren 26an, 20:30tan, Andra Mariako elizpean
MORTTIMER, uztailaren 2an, 22:00etan, Tabiran
ANDREZJ OLEJNICZAK QUARTET, uztailaren 3an, 20:30ean, Etxezarreta parkean
CAIDOS DEL CIELO, uztailaren 4an, 21:30ean, San Ana plazan
PASO DOBLE uztailaren 4an, 22:30ean, San Agustin kulturgunean
NAZIOAR. FOLKLORE JAIALDIA, uztailaren 10ean, 22:30ean, Andra Mariako elizpean
MOMENTO RIDICCOLI, uztailaren 12an, 18:00etan, Udaletxeko plazan
QUINTETO ENTRE CUERDAS, uztailaren 16an, 20:30ean, Etxezarretan
OTSOKO, uztailaren 18an, 22:00etan, Andra Mariako elizpean
MADEMOISELLE ORCHESTRA, uztailaren 26an, 20:00etan, Alde Zaharrean