Bikote irabazlearen indarra partiduaren bigarren erdian geratu bazen ere agerian, hasieratik izan zituzten zailtasunak Elizegik eta Arriolak, aldeko 7 eta 3koaren ondoren, garaileek 9 tanto egin baitzieten errenkadan.
Bizitasun handiko norgehiagoka izan zen Ezkurdi pilotalekuan jokaturikoa, gehienbat, materialak hartutako botearen eraginez. Elizegiren eta Arriolaren aldeko 17 eta 18koaren ostean, berriz, urdinen eskuetan egon zen partidua. Alainek seguru jokatu zuen, eta eskumarekin min egiten zuen bitartean, Lekuek ez zuen ia hutsegiterik egin.

Horrela, txapeldunek 20-32ko markagailua erdietsi zuten. Eta, tantorik onenak orduantxe jokatu bazituen ere Elizegik, beranduegi izan zen markagailua iraultzeko.
Aimar eta Ibon hirugarren
Aimarrek eta Ibonek osatutako bikoteak lortu zuen Euskal Asteko txapelketako hirugarren postua. Hala ere, norgehiagoka estua izan zen, Meabek eta Joakinek gertutik jarraitu zituztelako norgehiagoka osoan zehar. Azkenean, partiduan zehar Aimarrek eskumarekin eginiko erremate onek, eta, beste behin, ageriko geratu zen Ibonen erregulartasunak, garaipena eman zieten Berriatuko anaiei.