Izen ttipiak euskaraz izeneko liburua aurkeztu du Euskaltzaindiak Durangon, Landako elkartegian. Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzain osoa da liburuaren egilea eta Akademiak argitaratzen duen Onomasticon Vasconiae bildumaren 26. zenbakia da. Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak antolaturiko “Toponimia gizarteratzea: aukerak eta egindako lana” izeneko ikastaroaren baitan aurkeztu dute ikerkuntza lana.
Hipokoristiko edo izen ttipien azterketa da liburuaren ardatza. Patxi Salaberri Zaratiegiren arabera, izen ttipiak oso garrantzitsuak dira, euskaldunok erabili ditugun eta oraino erabiltzen ditugun izendatze bideen berri ematen digutelako. Horrez gain, Salaberriren hitzetan, izen ttipiek egungo deitura eta etxe-izen asko ongi ulertzeko aukera ematen digute. “Izen ttipi edo hipokoristikoa familian, lagun artean, konfiantza giroan erabiltzen diren aldaerak dira, Antton(i), Axun, Txixilio, Aña, Dollores, Josetxo eta abarren modukoak”.
Aurkezpenean zehar, besteak beste, Patxi Salaberrik lanaren egitura azaldu du. Izandako iturriez eta bestez azalpenak eman ondoren, hipokoristiko edo izen ttipia zer den definitu du lehenik, eta gero munduan barnako zenbait hizkuntzatan (gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana, errusiera…) gauza hauek, hots, hipokoristikoak, nola moldatzen diren azaldu du.
Bukatzeko, nabarmendu nahi izan du izen ttipi asko galdu ditugula bidean, hots, “denboraz ohikoak ziren hipokoristiko franko ezezagunak dira orain (gehienez ere oikonimian, leku izenetan eta deituretan finkatu dira), hein batean oinarriko izenak berak galdu direlako edo atzizkia dagoeneko emankorra ez delako. Kasu honetan daude, adibidez, Txaria, Txariako, Txartiko, Matxikote, Txaringo, Peruski, Joanesgo, Xemerot eta beste hainbeste”.