Irabazi balute legez

Anboto 2009ko mai. 27a, 08:54

Durangoko Kulturalak ezin izan du Bizkaiko Kopa irabazi. Aurreikuspenak betez, Getxo nagusitu egin zitzaien (4-1) Zorrozan jokatutako finalean. Espero izanagatik, porrota beti da mingarria; hala ere, burua ondo goian dutela bueltatu dira. Badituzte horretarako arrazoiak. Ligan beraiek izan dira Getxori itzala egin dioten bakarra; horrez gainera, Kopako finala jokatu dute eta bigarren zatiko une askotan estu hartu zituzten. Finala jokatu baino lehen aurreratu zuten irabazi zein galdu berdin berdin ospatuko zutela, irabazi balute legez, alegia.

Getxori baloia kentzea osoa zaila denez, kontraerasora planteatu zuten partidua. Getxok, ordea, inork espero ez zuen jokamoldea erabili zuen: “Behetik beharrean goitik jokatu zuten. Asko harritu gintuen estrategia horrek, gu goitik nahiko ondo moldatzen garelako”, dio Eneritz Alkorta jokalariak. Horrela, aurkariek beren bizkarra bila zezaten eragoztea bihurtu zen durangarren helburu nagusia. 15 minututan ondo eutsi zioten, baina aldaratze baten ondoren Getxok aurrea hartu zuen. Atsedenaldira bitartean beste birritan zulatu zuten durangarren atea.

Galtzeko gutxi eta aurrera

Bigarren zatian goian presionatzea erabaki zuten, partidu fisikoa proposatuz. Kulturalak aulkia jokalari freskoz beteta zuen eta Getxok, aldiz, oso aldaketa gutxi zituen. Minutuak joan ahala getxoztarrak gero eta nekatuago ikusten ziren. Kulturalak aukera bat baino gehiago izan zuen aldea murrizteko, baina ez zuten jaurtiketetan asmatu.

Halako batean, beste aldaratze bat jasota, Getxok laugarrena sartu zuen. Kulturalaren golak ez zuen ezer aldatu. Azkenean, lagunartea nagusitu zen talde bien artean. Kulturalak beste aukera bati itxaron beharko dio Kopa etxera ekartzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.

EGIN ZAITEZ KIDE!