Euskadiko Kopako finala du larunbatean DRTk Mungia-Kakarraldoren aurka

Anboto 2009ko mai. 15a, 10:53

Euskadiko Kopan esperantza handiak jarrita zituzten eta usaimenak ez die hutsik egin. Durango Ilarduyak finala jokatuko du Mungia-Kakarraldoren kontra, larunbatean 17:00etan, Plentzian. Aurten Kakarraldo sortu zeneko 25. urteurrena betetzen delako jokatuko dute han.

Euskadiko Kopan esperantza handiak jarrita zituzten eta usaimenak ez die hutsik egin. Durango Ilarduyak finala jokatuko du Mungia-Kakarraldoren kontra, larunbatean 17:00etan, Plentzian. Aurten Kakarraldo sortu zeneko 25. urteurrena betetzen delako jokatuko dute han.

Sailkatze fasea berezi samarra izan da. Gernikak parte ez hartzeak mesede egin die talde guztiei. Getxo mailaz jaitsi da eta normalean baino talde ahulagoa ekarri du; hor ere kexarik ez besteen aldetik. Horrez gainera, DRTk jokatu behar zituen partiduetatik erdiak jokatu ditu: lautik bi. Izan ere, taldea osatu ezinda ibili dira klub batzuk. Jokatu dituzten bietatik bat irabazi (Gaztediren kontra) eta bat galdu dute (Hernaniren aurka). Jokatu gabekoetan garaipena Durango Ilarduyarentzako izan da.

Taldea sasoi puntu onean dago, nahiz eta liga amaitu zenetik entrenamenduak arindu dituzten. Bigarren taldeko hainbat jokalarik talde nagusiarekin jokatu dute, eta nahasketak emaitza ona eman du. Kopako partiduak datorren denboraldirako taldea egituratzeko ere balio dio Aratz Gallastegi entrenatzaileari.

DRT faborito

Durango Ilarduyak Mungia-Kakarraldok baino maila bat gorago jokatzen du. “Erritmo aldetik hobeto gaude. Kontzentrazioa mantendu eta hutsik egiten ez badugu, maila bien artean dagoen aldea igarri beharko litzateke”, uste du Gallastegik.

Beraz, Durangoko taldea faborito izango da. Horrek ez du esan nahi partidu erraza izango denik. Aurten birritan jokatu dute elkarren kontra. Lehenengoan, aurredenboraldian jokatutakoan, Mungia-Kakarraldok irabazi zuen; orain bi aste jokatutako bigarrenean gureak nagusitu ziren.

Nagusiak ez dira Kopako konpromisoak dituzten bakarrak. gazteek bihar 12:00etan Bizkaiko Kopako partidua jokatuko dute, etxean, Independiente Universitario Bilbaoren kontra. Kadeteek, berriz, Getxoren kontra jokatuko dute kanpoan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!