Gerediaga elkarteko Jon Irazabal historialaria izango da maiatzaren 14an Durango y la Guerra Civil (1936-1939) izeneko berbaldiarekin 2009ko Historia jardunaldiak inauguratzeko. Bukatu berri dugun XX. mendea da Historia Jardunaldien hamargarren edizioan landuko duten etapa. Egungo gizartea ulertzeko gako nagusienetarikoak historiaren zati horretan daudela uste baitute jardunaldiak antolatzen dituztenek. Gerra Zibilak eskualdean utzitako ondorioak ardatz izan dituen berbaldiarekin abiatuko dira jardunaldiak, eta Durango eta Durangaldearen historia hurbila gerturatuko digute.
Hasiera batean maiatzaren 21erako aurreikusita zegoen hitzaldia, greba orokor deialdia dela-eta, ekainaren 4ra igaro dute, eta 19:30etan Durangoko Museoan izango da zita. Asteon abiatutakoaren ondoren, maiatzaren 28an da Durangaldeko iragan hurbilari begirada bat irudien bidez (1960-1991), Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Gerediagako lehendakaria den Nerea Mujika hizlari izango duen berbaldia.
1960 eta 1991 urteen arteko Durangaldearen bilakaerari buruzko aldaketa sozio-ekonomiko, tesian landutakoaren sintesia egingo du irakasleak Museoko hitzaldian.
Gertakariak ezezik, prozesu historikoak
Historia jardunaldietako zuzendari teknikoa den Belen Bengoetxeak azpimarratu du aurkezpenean, egueneko berbaldia kasu, gertakari historikoak jasoko dituztela jardunaldietan (Durangoko bonbardaketa landu zuten esaterako atzo), baina Historia Jardunaldien izateko arrazoi nagusia prozesu historioak aztertzea dela.
Horrela, prozesu historiko horien “marko urbanoa ulertzeko” antolatu dute, Bengotxeak azpimarratu duenez, ekainaren 4ko berbaldia: De la ciudad tradicional a la urbe industrial. Arquitectura en Durango en el siglo XX eskainiko du 19:30etatik aurrera. Hirigunea eta bertako eraikuntzak modernizatzeko prozesua da hitzaldian EHUko Artearen Historia eta Musika saileko irakasle den Maria Jesus Pachok.
Hamar ediziotako hamaika hitzaldiren bilduma osatu, eta ekain inguruan liburua argitaratu asmo dutela azaldu du aurkezpenean Mari Jose Balier Durangoko Udaleko ordezkariak.