Presioa bidaide desatsegina da kontrolpean mantendu ezik. Gorputza uzkurtu egiten du eta burua nahastu. Sasikoa Ohorezko A Mailarako borroka bizian dago Ancla Donsapor eta Kencirekin. Lau punturen barruan daude. Hiru hautagai eta sari bakarra. Astebururo derrigor irabazi beharrak, beharrizan horrek, denei eragiten die eta Sasikoari ere bai. Beste behin -aurtengo denboraldian hirugarren aldia du- partiduko azken hatsean berdindu zien aurkariak, eskuetan zituzten puntu baliotsu bi kenduz.
Sei jardunaldi bakarrik falta dira liga amaitzeko: “Azken asteetan presio gehiegi jarri diogu geure buruari. Hor goian derrigor egon behar dugula usteta lotuegi jokatu dugu”, dio Aitor Olivares jokalariak. Etzi Astraburukoren kontra jokatuko dute. Teorian irabazteko partidua da. Anclak, berriz, Laskorainen zelaian jokatuko du. Tolosarrak sailkapeneko behealdean dabiltza, baina Olivaresek ezustekoa emateko kapaz direla uste du: “Guk 8-5 galdu genuen han eta oso talde ona iruditu zitzaigun”.
Sailkapenak hain estu jarraitzen badu, ligako azken aurreko jardunaldia, Sasikoa eta Anclaren artekoa, itzela izango da.