Orain arte legez, munduko eskalatzaile onenak lehiatuko diren Nazioarteko Climbing Masterraz gainera, jaialdiak eskaladaren festa erraldoi izan nahi du.
Dur&Gok bi gune izango ditu. Batetik, erakustazokaren ondoko plazan (Ibaizabal auzunearen aldetik) txapelketa garatuko den rokodromoa jarriko dute: 16 metro garai, 12 zabal eta 120 metro karratukoa. Jaialdiko azpiegitura osoak 8.000 metro karratu hartuko ditu.
Ekimen parte-hartzaileak
Landako erakustazokan Boulderra jarriko dute. Han modu biko ikuskizunak egongo dira. Batetik, Block&Go izenekoa, aurreko aldietan ikusleen artean oso harrera ona izan duena. Eliteko zortzi eskalatzailek ibilbide bana diseinatuko dute; ondoren bata bestearen bideak igotzen saiatuko dira. Eskalatzaile bakoitzak 600 euroko apustua egingo du.
Bestetik, Herri Block izenarekin, boulderra herritarrei zabalduko diete. Aurretik diseinatutako erronkak gainditzen saiatzeko aukera izango du kuriositatea duenak. Horrez gainera, gaztetxoentzako gunea atonduko dute, monitore eta eskalada-guneekin. Landako erakustazokan mendi eta eskalada materialen gaineko standak ere jarriko dituzte.
Oraindik goiz da parte-hartzaileen zerrenda zehazteko, baina Patxi Usobiaga etorriko da, eta baita, okerrik ezean, Chris Shrama amerikarra eta Tomas Mrazek txekiarra ere. Nazioarteko txapelketaz gainera, Euskadiko Eskalada Txapelketa ere jokatuko da Durangon.
Aurten, lehenengoz, sarrera ordaindu beharko da; autofinantziazioaren bidean sakontzea ere badute helburu. Hala ere, jakinarazi dutenez, prezio herrikoiak izango dira.
Azkenik, aurreratu dutenez, lau haizetara eta benetako harroketan, eskalada klasikoaren inguruko topagune bat prestatzen dabiltza. Ekimen hori ez dago zehaztuta oraindik .