Iaz Axpeko aldapetan bidea konpontzen aritu ziren eta igoera ibilbidetik kanpora utzi behar izan zuten. Aurten, koxka hori berreskuratuta hiru punta izango ditubizikletaz osatu beharreko tramuak: Axpe, Miota eta Elorrioko saihesbidea. Azken hori ematen duena baino gogorrago egiten da haizeak jotzen badu.
Korrikako lehen tramuan atletek Orozketara joan-etorria egingo dute; bigarrenean herrigunean zehar antolatutako 2,5 kilometroko zirkuituari itzuli bi emango dizkiote.
Lehen urte bietako arrakastak jarraipena izango du aurten. Izan ere, parte hartzaile kopurua 300era mugatuta dago eta dagoenako 270 lagunek eman dute izena (www.triatloi.org). Federatuei lehentasuna ematen diete. Irabazleak 600 euro, txapela eta garaikurra jasoko ditu; bigarrenek 300 euro eta hirugarrenek, berriz, 150.
Spinnninga erakustaldia
Duatloiari jai giroa eman nahi izan diote eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Esaterako, iaz oso harrera ona izan zuenez, aurten berriro spinning erakustaldia egingo dute Ezkurdin, 15:35ean hasita.
Aurretik, 11:30ean, Mugarra Triatloi Eskolako neska-mutikoek erakustaldia eskainiko dute. Ondoren, Labeldun pintxoak erosi ahalko dira eta kafe degustazioa ere izango da.