
2009an seigarrenez izan den Zinegoak lehiaketaren film luzeen alorrean epaimahaiak irabazle aukeratu duena, aldiz, Islandian ekoitzitako The Amazing Truth about Queen Raquela izan da, Olaf de Fleur Johannessonek zuzendurikoa. Aipatutako bi filmak ez, baina film laburren erakusgarri bat izango da Durangon ikusgai.
Bilboko zinemetan eskaini dituzten ehundik gora film luze eta laburren artekoen lagina da Udaleko Berdintasunerako kontseiluak bideratutako zikloan Durangon ikusgai izango duguna.
Hemen ekoitzitakoak
Otsailaren 13an, 22:00etan, euskal sortzaileek 2008an ekoitzitako bost lan laburren bilduma izango da ikusgai: Yolanda Martinezen De compras con mi madre, Asier Irazabalen La Yesi TV, Ainara Torresen Bajo mi mirada, Frantziaren eta Euskadiren elkarlanetik sortutako Tania Arriagaren La espinita, eta Gorka Cornejoren Yo solo miro.
Nazioartean ekoitzitakoak
Zinegoak zinema jaialdian erakutsitako eta lehiatutako filmen artean 2008an nazioartean sortutakoen emanaldia izango da otsailaren 14an, 22:00etan hau ere, San Agustin kulturgunean; Susan Justin, Barbara Seiler, Fernando Gamero, Patricia Bateira, Ronny Hirschmann eta Jon Bush zinemagileek ekoitzi eta Bilboko Zinegoak jaialdira bidalitako filmak.
Kanada, Suitza, Portugal, Espainia, Israel eta Estatu Batuetan pentsatu eta ekoitzitako Cut, Tranzs ins Glück, Jodienda Warrick, Frequent Traveller, Shotgun eta Donny & Ginger; 2007an ekoitzitakoa azken hau.