Perkusio etnikoa eta opera lantzeko aukera Musika Eskolan

Anboto 2009ko ots. 2a, 14:07

Urteko lehenengo hiruhilabeterako Durangoko Musika Eskolako ohiko eskaintza akademikoaz aparteko proposamena osatzen dute perkusio etnikoa eta opera ezagutzera ematea helburutzat duten tailer biak. Aste honetan zabaldu da izena emateko epea, eta otsailaren 13a bitartean, Musika Eskolan bertan egin daiteke.

Urteko lehenengo hiruhilabeterako Durangoko Musika Eskolako ohiko eskaintza akademikoaz aparteko proposamena osatzen dute perkusio etnikoa eta opera ezagutzera ematea helburutzat duten tailer biak. Aste honetan zabaldu da izena emateko epea, eta otsailaren 13a bitartean, Musika Eskolan bertan egin daiteke.

Kulturarekiko, gauza berriekiko, eta azken finean musikarekiko jakinmina duten herritar guztiak gonbidatu dituzte tailerretan izena ematera antolatzaileek, eta gogorarazi, inolako aurrezagutza musikalik ez dela behar bi tailer hauetan partaide izateko.



Perkusio tailerra iaz egin zuten lehenengoz, eta badira hiru urte operarekiko hurbilpena helburutzat zuen tailerra martxan ipini zutena. Aurten ere, Bartolome Ertzilla Musika Eskolako irakasleak dira kasu bietan ikastaroak gidatuko dituztenak: Venezuelan jaiotako Lerman David Nieves kontrabaxu irakasleak eskainiko du perkusio tailerra, eta Bartolome Ertzillan piano irakaslea den Ana Celia Ormaetxea izango da azken urteetan bezala, operaren inguruko tailerraren arduraduna.

Mundukoak eta klasikoak
Tailer biotan, munduko erritmo eta doinuak, eta Musika Eskola bera ere jende berrira zabaltzea da helburua, eta baita opera bezalako musika generoak herritarrei gerturatzea. Operari dagokionez Ormaetxeak azaldu duenez, “jende gehienak operari buruz dituen aurreiritziak aldatzea da helburua, opera ez dela zerbait luze eta aspergarria” erakustea. Perkusio tailerrean, ezagutza teorikoak jaso eta gero, Afrikako, Brasilgo, eta Caribeko instrumentuekin aritzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Eta ikasitakoa, tailerra bukatzen denean, hiru hilabete barru egingo duten emanaldian erakutsiko dute Musika Eskolan.

Perkusio etnikoen tailerra astelehenetan 19:30etik 21:00era izango da, eta martitzenetan ipini dute opera ezagutzeko tailerraren hitzordua: 19:00etatik 20:00etara.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!