Bi hilabeterako Korrika hasi arteko programazio anitza

Anboto 2009ko urt. 26a, 14:25

Korrikaren 16. emanaldi honetan ere, martxoaren 26an Korrika Tuteratik abiatu aurreko bi hilabetetan izango da eukarazko arte eszenikoak bultzatzeko AEK-k abiatutako Korrika Kulturala.

Urtarrilaren azkenengo egunerako programatu du AEK-k urte birik behingo Korrikaren osagarri den Korrika Kulturalaren egitarauaren abiatzea. Benito Lertxundi izango da urtarrilaren 31n, Gasteizko Mendizorrotzan. Korrikaren 16. emanaldi honetan ere, martxoaren 26an Korrika Tuteratik abiatu aurreko bi hilabetetan izango da eukarazko arte eszenikoak bultzatzeko, eta sortzaile berriei euren lanak erakusteko baliabideak eskaintzeko helburuz AEK-k martxan ipinitako Korrika Kulturala.

Aurtengo Korrika Kulturalaren programazioko eskaintza berezienetako bat Durangoko Plateruenan izango da martxoaren 28an: gurera etorritako inmigranteek sortutako Anitzak elkarteak bultzatutako ikuskizuna da Durangon estreinatu dutena: musika, bertsolaritza eta hip-hop-a uztartzen dituena. Xabier Silveira bertsolaria eta MC Invert eta MC Barakaldo hip-hop abeslariak sortutako ikuskizuna da Anitzak Hitzak.

Duragon ezezik, beste hainbat txokotan ere estreinatuko dituzte Korrika Kulturalaren programazioaren barnean hartutako antzezlan, kontzertu, dantza emanaldi eta bestelako kultur ekimenak. Tartean, umeendako bereziki sortutako hainbat ikuskizun ere bai.



Durangoko Landako erakustazokan bildu ditu AEK-ak Korrika Kulturalean euren lanak erakutsiko dituzten alor anitzetako artistak. Euren lanen aurrerapena egin dute sarrera hitzaldian Mikel Laboa gogoan hartu eta gero: politikoki ez zuzena, ausarta eta lotsagabea den Mirande Kabareta ikuskizuna aurkeztu du ondoren Edorta Jimenez idazleak. Jon Mirande idazlearen bizitzako pasarte bat abiapuntu lez hartuz, Txuma Murugarren musikariarekin sortutako ikuskizuna.

Gatazka politikoari buruzko gogoetarako gaia ematen duen Piarres Larzabal idazle lapurtarraren Ibañeta antzezlanaren Ander Lipusen bertsioa ere izango da Korrika Kulturalaren parte; urrian Iparraldean estreinatu zuten 18 antzezleren lana, Hegoaldean lehenengoz ikusgai izango dena. Ander Lipus antzezle eta bertsolari bat eta gai jartzailea protagonista dituen Erregea eta bufoia bapateko saioa ere izango da AEK-ren egitarauaren barruan: bertsolariaren eta antzezlearen arteko erronka, eta Lipus antzezlea pertsonajeak inprobisatzen ikusteko aukera den ikuskizunean.


Kanta eta bideoa

Euskal Herrira, eta gure hizkuntzara gerturatzera datozenei eta etorriko direnei Ongi etorria ematearen garrantzia ardatz duen 16. Korrikaren kantaren berbak egitea Jon Maia bertsolari eta idazleak egin du aurten.  Inmigrazioaren gaiaren inguruan Riomundo izeneko liburua idatzi zuenak. Bere berbak musikatzea aldiz, Gasteizen sortutako Betagarri taldeari eskatu dio aurten AEK-k, Korrika Gasteizen bukatuko delako aurten, eta euren musika oso apropos ikusten zutelako. Eta emaitza, erritmo bizia duen abestia da. Kanta “datzagarri eta kantagarria” sortu gura izan dutela azpimarratu dute abestiaren sortzaileek, eta “kanta jostagarria” izango dutela lagun Euskal Herrian Korrika arituko diren euskaltzale guztiek.

Korrika iragarriko duen bideoklipa bestalde, abenduan Plateruena antzokian eta Landako inguruan hartutako irudiekin osatu dute, eta, euskara ikasiz gure kulturara gerturatzeko ahalegina egin duten herritarren parte hartzearekin.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!