Sentsazio onen bila

Anboto 2009ko urt. 23a, 18:20

Ligako talde indartsuenen kontrako zurrunbiloan sartuta dago Durango Ilarduya. Gernikaren kontra galdu egin zuten etxean. Logikaren barruan sartzen zen porrota baino mingarriagoa izan zen lehen zatian eta zaleen aurrean emandako itxura tristea. Etzi Hernaniren aurka jokatuko dute, Ohorezko B Mailako beste oilarraren aurka. "Sentzazio onak berreskuratzea dugu helburu" dio Aratz Gallastegi entrenatzaileak.

Ohorezko B Mailan talde bi beste guztien gainetik daude: Gernika eta Hernani. Igoera Faserako horiexek sailkatuko dira, oker handirik ezean. Gehiago dira kalitatez, eta gehiago erritmoz zein indarrez. Irabazi dakiekeela uste izatea, Dickensen Pip gaztearen esparantzak izatea lakoxea da; baina, bestalde, hori horrela izanda ere, euren aurkariek ilusiorik handienarekin jokatzen dituzten lehiak dira. Durango Ilarduyak Gernikaren kontra jokatu zuen azkeneko jardunaldian etxean, eta 3-23 galdu zuen. Itxura ona ematea zen behinena, baina ez zuten asmatu, batez ere lehenengo zatian. “Partiduan sartuta barik, partiduari begira egon ginen”, dio Aratz Gallastegi entrenatzaileak.

rugby.JPGIgandean, Hernaniren zelaian jokatuko dute. Partidua irabaztea zaila denez, helburu nagusi legez “sentsazio onak berreskuratzea” dute: “Geurea eman eta dakiguna zelaian erakutsi dugunaren sentsazioz bueltatu nahi dugu etxera”.

Gallastegik lehenengo urtea du durangarren aulkian. Beraz, oraindik taldea ezagutzen eta egituratzen ari da. Nolanahi ere, taldearen errendimendua ona da, eta laugarren daude, Vigorengandik hiru puntura. Hirugarren postua eskura dutenez, horixe da ligan orain duten helburua.

Horretarako zein etorkizunari begira, taldeak bi alderdi hobetu behar dituela uste du. Batetik, alderdi fisikoa dago: “Jokoan eragin zuzena du, eta talde batzuekin alderatuta apur bat atzetik gaude”. Bestetik, mentalki “indartsuagoak” izaten ikasi behar dutela dio. Hain zuzen ere, Gallastegiren iritziz, azken alderdi hori hobetzeko modurik egokiena “talde handien kontra jokatzea da”. “Horregatik dira hain baliotsuak Hernaniren eta antzeko taldeen kontrako lehiak. Erritmoari dagokionez exigenteak dira, eta agresibitatea eta grina eskatzen dute. Horrelako partiduetan zailtzen da talde bat”, dio. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!