
Eurekin batera, Mañariko gazteek iaz antolatutako maketa lehiaketa irabazi zuen Namek Planet talde elorriarrak ere kontzertua eskaini zuen Berrizko jaietan Hiltegixen. Euren ustez, taldearen lana ezagutzera emateko modurik aproposena delako, ahalik eta kontzertu gehien ematen saiatzen dihardute orain.
Mongoren estreinaldia
Beste disko berri baten aurkezpena izango da urtarrilaren 23an, Durangoko Plateruena kafe antzokian. Aspaldi durangartuta dagoen Xabier Elias “Mongo” bilbotarrak izen bereko taldearekin eskainiko du gaur gauean kontzertua, eta bertan aurkeztuko du disko berria.

Pianoa eta Mongoren ahots eta kantaera berezia dira talde honen ezaugarri bereizgarriak, eta ohikoaz aparteko diren abestien letrak ere azpimarratzekoak dira: ironikoak eta entzulearen irribarrea eragiten dutenak izaten dira. Erritmoari dagokionez, bossa nova, jazza, bluesa eta bestelako ukitu latinoak ere nabari dira.
Diskoaren grabaziorako Daniel Amat piano-jotzaile kubatarraren, Iker Uriarte bateria-joalearen, Sanchez baxu-jotzailearen eta Mikel Nuñez piano-jotzailearen instrumentuen soinua izan du Mongok lagun, beste instrumentu batzuk gehitu dizkioten kolaboratzaileekin batera.
Zuzenekoetan, berriz, beste osagarri bat ere izaten du Mongo taldeak, musikariak berak esaten duenez, emanaldi horietan entzuleen eta taula gainekoen arteko den interakzioa.