Urtean zehar galdutakoa errekuperatzen hasi dira

Anboto 2009ko urt. 14a, 18:25

Donostian arerio zuzena menderatu eta averagea alde jarri zuen Tabirakok. Larunbatean ere, horixe du helburu etxean Baskoniaren aurka. Orain arteko erdipurdiko denboraldia ahaztu eta Igoera Faseari jake egiteko sasoia da.

Tabirakoko gizonek garaipen garrantzitsua lortu zuten joan zen astean Bide Bideren zelaian. Izan ere, Tolosako taldea da igoera fasean izateko eskubidea ematen duten lehen bost postuetatik azkena hartuta duena. Galdu izan balute, Tabirakori benetan zail jarriko zitzaion sailkapena. Orain garaipen biko aldea ateratzen die Bera Berak. Hori gutxi balitz, averagea ere euren aldera ekarri dute. Etxean sei puntugatik galdu zuten, eta kanpoan zazpigatik irabazi dute. Asteburu borobila izan zen, beraz.

Larunbatean Baskonia Fundazioa indartsuaren kontra jokatuko dute. Gasteizko taldeak Tabirakok baino hiru garaipen gehiago ditu sailkapenean. Beraz, arerio zuzenaren kontra jokatuko dute berriro, eta, beste behin, garaipena oso garrantzitsua da. Izan ere, atzetik doanarentzat, norbere partiduak irabaztea bezain inportantea baita aurretik doazenen martxa haustea.

Jaurlaritzak saritu ditu


Asteon albiste pozgarriak  kantxatik kanpora ere etorri dira. Tabirakoko zuzendaritzak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun Sailak 2008ko kirol arloko Euskadi Saria emango dio Durangoko klubari.

Jose Ramon Garai, Jaurlaritzako kirol arloko zuzendariak martitzenean egindako dei baten bidez jakin dute sarituak izango direla. “Kluba ia 2.000 lagunek osatzen dugu: entrenatzaileak, jokalariak, bazkideak, babesleak eta laguntzaileak. Denok elkarrekin egindako lanari emandako saria da”, adierazi dute Tabirakoko ordezkariek. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!