“Alpinok bultzada berria emango liokeen jende gaztea behar du”

Anboto 2008ko abe. 1a, 08:57

Kostata, baina Alpino-Tabira mendizale taldeak badauka datozen hiru urteetarako lehendakaria. Inaki Calvok (53 urte, durangarra) barrutik daki Alpinoren funtzionamenduaren berri, 24 urtean idazkaria izan da-eta.

Kostata, baina Alpino-Tabira mendizale taldeak badauka datozen hiru urteetarako lehendakaria. Inaki Calvok (53 urte, durangarra) barrutik daki Alpinoren funtzionamenduaren berri, 24 urtean idazkaria izan da-eta.

Esango nuke batek baino gehiagok lasaitua hartu zuela lehendakari izateko prest agertu zinenean. Jendea estutzen hasita zegoen…

Nire ustez, bazkideek lasaitasuna urteetan dute hartua, lana ondo eta serio egin duen Zuzendaritza Batzordea ikusten zutelako. Dena dela, gazteen artean inplikazio eskasa ikusten dut; hori horrela da. Gutxi gorabehera beti jende bera gaude lanean. Batzuk etortzen dira laguntzen, baina kopurua ez da oso handia.

alpino_1.JPGBeste inork gura ez zuelako aurkeztu zara?
Duda barik. Laugarren batzarrera ere hautagairik ez zela aurkeztuko jakin nuenean, amorrua eman zidan. Orain arteko lehendakariak ere bultzadatxoa eman zidan. Bata dela bestea dela, hemen nauzu: lehendakari.

Lehendakari karguak errespetua sortzen du.
Bai, jendeari beldurra ematen dio. Azkenean, lehendakariak egin behar duena lan-talde ona osatzea da eta, gero, horiek zuzentzea. Bestela, diruzainak edo idazkariak, esaterako, askoz lan gehiago izaten dute.

Zuzendaritza Batzordea osatu duzu?
Baten batzuk utziko dute, baina gehienek jarraituko dute. Hiru-lau berri be etorri dira, eta beste pare baten bila nabil.

Zer erronka nagusi dituzu datozen hiru urteetarako?
Ildo beretik jarraituko dugu, orain artekoa sendotzeko lan egitea da gure asmoa. Alor askotako ekimenak antolatzen ditugu, eta ahalik eta eremu zabalena hartzen ahalegintzen gara. Hemendik aurrera ere horrelaxe segituko dugu.

Luzaroan idazkari lanetan ibili zara. Jardunbide horretan hartutako esperientzia oinarri ona izango da kargu berrirako.
Bai. Orain ardura gehitxoago izango dudala sumatzen dt. Badakit idazkari karguak zelako lana eskatzen duen, eta batek bakarrik eramateko lan handia da. Beraz, horretan ere lagunduko dut.

Emakume bat Alpinoko lehendakari izatea gustatuko litzaizukeela  aipatu zenuen.
Bai, egia esanda, asko gustatuko litzaidake. Emakume bati proposatu genion, baina arrazoi bategatik edo besteagatik, ezetz esan zigun. Eta benetan uste dut aurtengoa urte apropos-aproposa zela emakume batentzat zein edonorentzat lehendakari kargua hartzeko. Izan ere, atzetik laguntza handia egon da.

Alpinok luzarorako lehendakaria ote dauka?
Hurrengorako beste bat aurkezten bada, nire tokia hari ematea da nire desioa. Guk denbora asko daramagu, eta haize freskoa ondo etorriko litzaigukeela uste dut. Jende berria behar da eta gazteak badira hobeto: gazteek osatutako Zuzendaritza Batzordea osatuko balitz, askoz hobeto. Elkarteak behar du berrikuntza eta bultzada bat.

Zure aita ere urte askoan izan zen Alpinoko kide. Haren bitartez sortu zitzaizun mendizaletasuna?
Bai. Aita 42 urtean izan zen Alpinoko kide. Beti ibiltzen zen Alpino gora eta Alpino behera. Azkenean neuri ere kuriositatea sartu zitzaidan. Bestalde, aitarekin sarritan joaten nintzen mendira, perretxikotan-eta.

Zuk Alpinon izan duzun inplikazioa oso handia izan da. Barruan sentitzen duzu.
Niretzako Alpino gauza handia da. Ezin dut berba hutsekin azaldu. Hemen izandako bizipenak, egiten diren lagunak… Itzela da. Gaztetan nirekin ibiltzen ziren lagunak kalean ikusten ditudanean, halako lotura bat daukagula sentitzen dut eta eurek ere berdin sentitzen dutela  esango nuke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!