Aurten ere Jaka gogoan

Anboto 2008ko aza. 27a, 17:25

Abenduaren 7an Joseba Jakaren Oroimenezko VII. Herri Lasterketa egingo da Durangon. Euskarria Kirol Elkarteak antolatzen duen lasterketa urteroko hitzordua bihurtu da, eta aurtengoa zazpigarren aldia izango da. Bidezabal Atletismo Taldea eta Iurretako Txirrindulari Elkartea ere laguntzaile lanetan aritu dira. Iaz 170 korrikalarik parte hartu zuten zazpi kilometroko luzera duen ibilbidean.

Abenduaren 7an Joseba Jakaren Oroimenezko Herri Lasterketa egingo da Durangon. Euskarria Kirol Elkarteak antolatzen duen lasterketa urteroko hitzordua bihurtu da, eta aurtengoa zazpigarren aldia dizango da. Bidezabal Atletismo Taldea eta Iurretako Txirrindulari Elkartea ere laguntzaile lanetan aritu dira.

Lasterketa Ezkurdi plazan hasiko da, 11:45ean, eta zazpi kilometroko ibilbidea izango du. Korrikalariak Galtzareta, Herriko Gudariak eta Zumalakarregi kaleetatik igarota, San Agustinaldera itzuliko dira. Handik San Rokerantza hartu eta Askatasun Etorbidea zeharkatuko dute, Alluitzera iritsi arte. Azken txanpan Estanislao Labairu, Zabalarra eta Zumalakarregi kaleak pasatuko dituzte, eta Ezkurdi plazan helmugaratuko dira.

Ibilbidea ez da gogorra korrikalariak ez direlako herrigunetik irteten, baina errtimoak bizitu ohi du martxa. Lasterketan lau kategoria daude; 1990a baino lehen jaiotakoak eta 1973a baino lehen jaiotakoak, emakume zein gizonetan. 16 urtetik beherakoek ezingo dute parte hartu.

Izen-ematea zortzi euro da. Durangon toki bitan apuntatu daiteke: Kebi Kirolak eta Garcia Ariño Kirolak dendetan. Bilboko Bikila Kirolak dendan ere badago horretarako aukera. Izena emateko azkenengo eguna abenduaren 5a da. Lasterketaren egunean bertako izen-ematea hamar euro da.

Iazko aldia

Iaz 170 lagunek parte hartu zuten Joseba Jakaren Oroimenezko Herri Lasterketan. Gizonen artean Bidezabal Atletismo Taldeko Gotzon Solaegik irabazi zuen, 23 minutu eta 40 segundoko denborarekin. Azkenengo kilometroan ihes egin eta bakarrik helmugaratu zen durangarra. Bere atzetik Jonatan Flores eta Zigor Esnaola sailkatu ziren.

Emakumeen artean Inma Ruiz gernikarrak irabazi zuen. Bigarren urtez segidan altxatu zituen besoak Sopelako Muniarriz taldeko korrikalariak. Bidezabal taldeko Alizia Romero durangarra bigarren geratu zen hamaika segundora. Hirugarren postua Aiora Jaka donostiarrarentzat izan zen.

Azkenik, gizonezkoen beteranoen kategorian Jabier Irazabal elorriarrak irabazi zuen lasterketa.



ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!