Txirrindulari beteranoen eguna izan zen zapatukoa Durangon. Cafés Baquék bere 30. urtemuga ospatzeko egun osoko jaialdia antolatu zuen Landako Erakustazokan. Miguel Indurain, Marino Lejarreta, Julian Gorospe, Abraham Olano, Joseba Beloki, Leanizbarrutia, David eta Unai Etxebarria, Zarrabeitia, Mauleón, Iñaki Gaston eta beste hainbat txirrindularik arratsaldeko criteriumean parte hartu zuten. Bizikleta aspaldi alde batera utzia izan arren, behinolako izarrek distira ez dutela galdu erakutsi zuten.
Eguraldi txarrari aurre eginez, ehundaka lagun gerturatu ziren proba ikusi eta txirrindulariekin argazkiak ateratzera. Criteriumaren irabazlea, nola ez, Miguel Indurain izan zen. Jaialdian batutako dirua Minbiziaren Kontrako Bizkaiko Elkarteari emango diote.