
Azken urteetan ez bezala, bost barik lau egun izango dira, hogeita lau orduan liburu eta diskoen, eta bestelako kultura adierazpenen inguruan igaroko ditugunak Durangoko Landako Erakustazokan. Aste bi barru izango da 43. urtez Durango, Aitziber Irigoras Durangoko alkateak aurkezpenean nabarmendu bezala, “euskal kulturaren gailur”. Helduaroan bizi-bizi dagoen azokara “Ipar-ekialdeko haizea eta sutondoko beroa” ekarriko dituzte Eusko Jaurlaitzako kultura sailburuak adierazi duenez: Finlandia izango da literatura gonbidatua. Eta bertako literaturaren garaiei buruzko hitzaldi eta poesia errezitaldiak izango dira Durangon. Abenduaren 8an bestetik, Hizkuntza txikiak, literatura handiak berbaldia eskainiko dute Quim Monzó kataluniar idazleak eta Bernardo Atxaga idazle altsasuarrak.
Enpresari euskaltzaleei
Azokaren egunetan ohiturazko bilakatu den Argizaola omen-saria, Juan Zelaia enpresa gizon oñatiarrari eskainiko diola aurreratu du azaroaren 20ko agerraldian Gerediaga Elkarteak. Saria lehenengo eman zutenetik euskal kulturaren sorkuntzan jardun izan duten lagunak omendu baditu gehienetan, 2008ko Argizaiola, “kulturak eta bizi duen gizartzeak kezkatzen duela erakutsi duelako, euskal kulturaren bultzatzaile” honi eskainiko dio Gerediagak. Une zailenetan ere, eta “batzuetan euren irudia kaltetu zezakeen arren, “isilean euskal kultura bultzatu duten enpresa arloko lagunak eskertu” gura ditu Gerediaga Elkarteak Juan Zelaiari Argizaiola eskainita abenduaren 6an 20:30etan San Agustin kulturguneko ekitaldian.
Durangoko Liburu eta Disko azokako nobedade nagusi lez, Erakustazokan, liburu eta diskoen aurkezpenetarako baliatuko duten areto berri bat izango dela aipatu du aurkezpenean Jon Irazabalek. Sorkuntza lanen inguruko berbak jasoko dituen espazio hori bilakatu nahi dute Durangoko azokako egile eta bisitarien arteko zuzeneko harremanerako gune.
Kartelaren egileari elkartasuna adierazi dio Gerediaga elkarteak
Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Batzordeak azokan emakumeak "ikusezin" bihurtzen dituela salatuz Gerediaga Elkarteari idatziaren iragan astean helarazitako idatziaren harira, aurkezpene ekitaldiko galderetarako tartea zabaldu aurretik jardun du azokako zuzendari Irazabalek. Lehengo astean azokako web orrian zintzilikatutako idatziari gehitzekorik ez dutela, eta gaiaren inguruan ez dutela berbarik egingo diote. “Kartelaren egileari elkartasuna” adieraztea, “oso une latzak igaro dituelako”, ez du Gerediagak eztabaidan sartu nahi.
Berdintasunerako erakundeaz gainera, Andereak, Bilgune Feminista, Emakumearen Sustapenerako Zentroa eta Durangoko Udal taldeetako ordezkari banak osatzen duten Durangoko Udaleko Berdintasunerako Kontseiluak, denbora dela aurtengo azokako kartelaren gaia lantzea eskatu zuela eman du jakitera: irudiak eta esaldiak emakumearen presentzia alde batera uzten du duelakoan.
Sakonean, eztabaidarako baino areago, gogoetarako gaia da Durangoko 43. Liburu eta Disko Azokaren atarian sortu dena, hain zuzen, irudia ardatz duen edizioan.