Cafés Baquék egun osoko jaiarekin ospatuko du 30. urteurrena

Anboto 2008ko aza. 21a, 08:40

Cafés Baqué txirrindulari taldeak 30 urte bete ditu, eta Durango osora zabalduko den ‘Bicifesta’ jai erraldoiarekin ospatuko dute bihar, azaroaren 22an. Egitarauan helduentzako zein gazteentzako ekitaldiak antolatu dituzte egun osoan zehar. Miguel Indurain, Marino Lejarreta, Gorospe anaiak, Joseba Beloki, Abraham Olano eta Iñaki Gaston dira txirrindulari taldeak Durangora gonbidatu dituenetako batzuk

Cafés Baqué txirrindulari taldeak 30 urte bete ditu, eta Durango osora zabalduko den ‘Bicifesta’ jai erraldoiarekin ospatuko dute larunbatean. Egitarauan helduentzako zein gazteentzako ekitaldiak antolatu dituzte egun osoan zehar. Batzen duten diru guztia Kantzerraren Aurkako Elkartearentzat izango da.

Ekitaldirik ikusgarriena 17:00etan egingo den ‘Txirrindularitzako Mitoak’ criteriuma da. Cafés Baquétik irten diren hainbat txirrindulari profesionalek parte hartuko du; txirrindularitza utzi dutenak zein oraindik dabiltzanak: Julian eta Ruben Gorospe, Alberto Leanizbarrutia, Dabid Etxebarria eta Joseba Beloki, besteak beste. Horiez gainera, euskal txirrindularitzak eman dituen izarrik handienak ere ez dira faltako: Miguel Indurain, Marino Lejarreta, Abraham Olano, Iñaki Gaston eta Haimar Zubeldia. Guztira, 77 txirrindulari batuko dira.

Egun osoko jaia

Landako Eraskutazokan egun osorako jaia prestatu dute. 11:00etatik aurrera, luntxa eta gaztetxoentzako gaztelu puzgarriak jarriko dituzte. Eguerdian Kriskitin eta L’Atelier taldeen ikuskizuna ere izango da ikusgai.

Arratsaldean kalera aterako dute ospakizuna. Lehenengo, gaztetxoek Durangora etorriko diren izarrekin batera osteratxo bat egiteko modua izango dute, Landako Etorbidean zehar. Ondoren, ‘Txirrindularitzako Mitoak’ criteriuma korrituko dute.

Criteriuma eta gero, sari banaketa eta Kantzerraren Kontrako Elkartearen  aldeko ongintzako zozketa egingo dituzte. Egunari amaiera emateko, afaritara batuko dira guztiak Kurutziaga Hotelean.

Kaleak itxita

Ospakizunaren ondorioz, hainbat kale itxiko dituzte 15:00etatik 19:00etara. Landako eta Olleria kaleen arteko biribilgunera sartu ahalko da, baina ezingo da Bilborako norabidea hartu. Bestalde, Francisco Ibarra eta Fray Juan de Zumarraga kaleen arteko bidegurutzetik ezingo da Landakora sartu. Dena dela, Juan Antonio Abasolo eta Sasikoa kaleetara sartu ahalko da. Mikeldi kalean, berriz, noranzkoa ohikoaren kontrakoa izango da larunbat arratsaldean. 



ORDUTEGIAK

11:00etan
Irekiera. Pintxoak Eusko Labelen eskutik eta gaztetxoendako gaztelu puzgarriak, opariak…
12:45ean
Dantza ikuskizuna, Kriskitin eta L’Atelier
taldeen eskutik
15:30ean
Gonbidatutako txirrindulariekin batera ibili aldia da Landako Etorbidean zehar.
17:00etan
‘Txirrindularitzako Mitoak’ criteriuma
18:00etan
Sari banaketa. Ondoren, Kantzerraren Kontrako Elkartearen  aldeko zozketa
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!