Burua altxatu ezinik

Anboto 2008ko aza. 14a, 11:50

Tabirakok bost porrot daramatza bata bestearen atzetik. Bolada txar horretan zeresan zuzena izan dute lesioek, baina taldearen errendimendu eskasa ezin dakioke zorte txarrari bakarrik egotzi. Kantxan euren mailatik oso behera ari dira.

Tabirakok bost porrot daramatza bata bestearen atzetik. Bolada txar horretan zeresan zuzena izan dute lesioek, baina taldearen errendimendu eskasa ezin dakioke zorte txarrari bakarrik egotzi. Kantxan euren mailatik oso behera ari dira.

tabi.jpgLogroñes taldearen aurka, huts inozoak eta inspirazio uneak tartekatu zituzten Tabirakoko gizonek. Ezin izan zuten jokoan jarraikortasunik  aurkitu. “Antsietatea somatzen da. Ezin dugu entrenamenduetako maila kantxan erakutsi. Blokeatuta jokatzen dugu”, azaldu du Hilario Perez klubeko lehendakariak.

Jokoan erakutsitako irregulartasuna garesti ordaindu dute behin baino gehiagotan. Batez ere, atsedenalditik bueltako hirugarren laurdenean. Joan zen astean, lehen zati eskasetik nola edo ala libratuta, hirugarren laurdenean pott egin zuten. Bost minutuan 20 puntu egin zizkieten, eta hortxe bukatu ziren durangarrren esperantzak (85-72).

Asteburuan, UPNA Navarra izango dute arerio. Nafarrak ere pattal dabiltza. Erreakzionatzeko lehia aproposa da. Horretarako, entrenamenduetako intentsitatea kantxara lekualdatu behar dute: “Inori ezin diot ezer leporatu. Entrenamenduetan ehuneko ehun ematen dute. Badakit entrenatu moduan jokatu bagenu, beste egoera batean geundekela. Dena dela, lanean horrela jarraitzen badugu,iritsiko dira garaipenak”, dio seguru Perezek.

Emakumeen une gozoa

Bestela dabil emakumeen talde nagusia. Sailkapenean laugarren daude, bost garaipen eta porrot birekin, eta igoera postuak begibistan dituzte. Joan zen astean nagusitasunez irabazi zioten Arabako EHU taldeari (55-70). Ondo landutako taldea da, ideiak argi dituena. Asmatzen dutenean min egiten dute, eta erasoan ezinean badabiltza defentsa sendotu eta partiduari eutsi egiten diote, une hobe baten esperoan.

Asteburuan Obenasaren aurka jokatuko dute. Nafarrak lan txukuna egiten dabiltza eta arerio zaila izango dira. Hala ere, garaipena durangarren esku dago. Euren neurria emanez gero, maila hobeko taldea da.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!