Habixe, amei zein familia-bizitzarako proiektua eurekin partekatzen duten guztiei laguntasuna eskaini gura deutsen elkarte berria sortu da Durangaldean.
Sortzean, haurdunaldian, erditzean, erditze-ostean eta haurrak haztean laguntasuna eskaini gura du oraingoz bost kidek osaturiko elkarteak. Aurkezpen batzarra deitu dute, zapatuan, azaroaren 15ean, 11:00etan, Durangoko Andragunean (Pinondo Etxean).
Durango, Mañaria eta Elorrioko bost lagunek sortutako elkarteak Durangaldeko herri guztietara heltzea du helburu. “Sortzean, haurdunaldian, erditzean, erditu berritan eta hazkuntzan umeak eduki eta hazteko erarekiko errespetua, ulermena eta laguntza behar izan dugun edo behar dugun emakumeak gara, eta, esperientziak partekatzeko doako gunea topatu ezinik, elkartea sortu dugu”.
Elkarri laguntzeko, berba egin zein hausnartzeko, irabazi asmorik gabeko elkartea izan gura dute, eta herritargoa eta administrazioak sentsibilizatu. Hilean behin batzartu gura dute; berbaldi eta ikastaroak eratu eta materiala eskura jarri.