Gernika edo Gasteiz izango da San Fausto Txapelketako irabazle

Anboto 2008ko urr. 16a, 11:56

Domekan XXV. San Fausto Zesta Txapelketako finalak jokatuko dira Jai-Alai frontoian. Gernikako bikoteak Durangokoa kanporatu zuen finalerdietan.

San Fausto Zesta Txapelketako final handia jokatuko da domekan Durangoko Jai Alai Frontoian. Ez da izango amestutako finala, bikote durangarra atarian geratu delako, iazko garaipena berritzetik pauso bakarrera. Hala ere, maila handikoa izateko osagai,ak baditu, bi herririk erregularrenak iritsi baitira azken lehiara: Gernika eta Gasteiz.

Asko espero zen finalaurrekoetan, eta asko eskaini zuten. Batez ere, durangarrak protagonista zesta.JPGizan zituen partiduak. Egoitz Urrejola eta Inaki Garitaonandiak gerra handia eman zuten Bidaburu eta Kirruren aurka; azken honek, Kirruk, atzean egindako lan bikainean izan zuen sostengua  Gernikarren garaipenak. Markagailuan parekotasuna izan zen nagusi uneoro. Azken emaitzak ere horixe adierazten du: 30-27. Durangok iaz irabazitako txapelari eutsi nahi zion, baina ezin izan du. Datorren urtean txapeldunen tronua berreskuratzea izango dute helburu.

Bigarren finalerdian ez zen hainbesteko emoziorik izan. Zarate eta Alain bikote gasteiztarra uste eta desio baino errazago nagusitu zitzaion Salaberryk eta Urtxoeguiak osatutakoari. Iparraldeko bikotea bere mailaz azpitik aritu zen. Hala ere, gasteiztarrek erakutsitako sendotasunari ez dago aitzakirik jartzerik.

Etxebarria finalerdietan

Tornosolo Kopan ere txapeldungaien zerrenda zehazten ari da apurka-apurka. Lehen Mailan Iker Etxebarriak bigarren partidua ere  irabazi egin zuen, eta dagoeneko finalerdietarako sailkatu da. Fernando Medina mexikarraren aurka jokatuko du finalerako pasea.

Jon Uriarte ordezkatu duen Oier Elorriagak ere irabazi egin zuen eta baditu sailkatzeko aukerak. Hala ere, Mikel Gonzalezek zer egingo zain egon behar du. Berriztarrak, ordea, badaki gaur irabaziz gero finalerdietan izango dela; Horreterako, Lander Goitia menderatu behar du.

Azkenik, promesen artean faboritoak txukun ari dira. Iker Gordonek xehatu egin zuen Unai Ugarte (30-7); Imanol Cerezok, aldiz, irabazi bai, baina gogor lan eginda atera zuen aurrera partidua (30-25). Gaur, 18:30ean hasita, beste lau norgehiagoka  jokatuko dira Tornosolo trinketean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!