Izen emateko epe zabalik

Anboto 2008ko ira. 18a, 10:30

Durangoko Sanfausto jaietako programaren barruan antolatu dute, bosgarren urtez, Graffiti Lehiaketa.

Durangoko Sanfausto jaietako programaren barruan antolatu dute, bosgarren urtez, Graffiti Lehiaketa. Euren marrazkiekin lehiaketan parte hartu nahi dutenek izena emateko epea hasita dago aste honetatik aurrera, eta lehiaketari buruzko informazio guztia Udalaren interneteko orrialdean. Urriaren 11n izango da lehiaketa, herriko erdialdea –Ezkurdi plaza– hartuko duen erakustaldi eta norgehiagokan. Goizeko 12:00etatik 17:00ak arteko astia izango dute artistek euren lanak trazatu eta guztiz osatzeko. Amaitutzat ematen dituzten lanak aurkeztu eta gero, 18:00etan izango da sari banaketa. Lehiaketan 10 graffitirentzako lekua egongo da, parte-hartzaileak banaka edo taldeka aurkeztu ahalko dira eta  lehiaketarako espreski prestatutako 2,5 metroko altuera eta 4,20ko luzeera duten paneletan egingo dituzte euren marrazkiak. 600 euro  eta urriaren 18an Durangoko horma batean graffiti bat egiteko aukera izango dira lehenengoaren sariak. Bigarren saria 400 eurokoa da eta 200ekoa hirugarrena.  Bozetoak aurkezteko azken eguna urriaren 6a izango da. Bosgarren edizio honetako nobedadea da, graffitiak ez ezik muralak ere aurkeztu ahal izatea lehiaketara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!