Miranda de Almeida-ren lanak

Anboto 2008ko ira. 18a, 10:27

'Identitate-esferak' izeneko erakusketa da, eta arkitekturan lizentziatutako artistak dioenez, “inposatzen dizkiguten estereotipo sozialei buruzko kritika” egiteko erabiltzen du bere sorkuntza.

Urriaren 5a arte Cristina Miranda de Almeidaren (Rio de Janeiron jaiotako artista) bideo sorkuntza eta argazkiak daude ikusgai Durangoko Museoan. Identitate-esferak izeneko erakusketa da, eta  arkitekturan lizentziatutako artistak dioenez, “inposatzen dizkiguten estereotipo sozialei buruzko kritika” egiteko erabiltzen du bere sorkuntza.

Horrela, beheko argazkian agertzen den bezala, erreflexuak erabiliz kristalezko esfera batean dantzan dabilen neska bat edo tanta batean islatzen den itsasoa erakusten ditu. “Txikienetik mugagabeena ere ikusi genezake, infinitua puntu txiki batean kontzentratu genezake”, azaltzen du autoreak. 



Aspertzen den jendea ez duela ulertzen adierazi digu artistak. Harrikoa egiten dagoela, esaterako, iturrian edo kafe koilaratxo batean, belarritako batean edo ate bateko heldulekuan islatuta irudi bat sumatu, argazki kamera hartu eta sortzen hasten ei da bera; beti errealitateko xehetasun txiki horiek behatu eta topatzen aritzen dela aitortu du Miranda de Almeidak.

Islatzen duen objektuaren forma hartzen dute erraalitateko irudiek.“Mugatu eta lerrokatu egiten gaituzten estereotipo sozial eta kulturalen antza” dutela dio autoreak, eta horren metafora lez ulertzen dituela Identitate-esferak erakusketarako bildutakoak.

Itxura batean iraganari hain lotuta dagoen lekuan –Arte eta Historia Museoan–, aurkezpenean Mari Jose Balier kultura zinegotziak nabrmendu duenez, gaurkotasun handieneko sorkuntza lanak ipini dituzte ikusgai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!