Hamarkada bete du Kulturguneak

Anboto 2008ko ira. 11a, 16:09

Hamar urte bete dira irailaren 11n San Agustin Kultuturguneko ateak zabaldu zituztela.

Hamar urte bete dira irailaren 11n San Agustin Kultuturguneko ateak zabaldu zituztela, eta beraz,  XVII.mendeko eliza askotariko kultur adierazpenak hartu eta erakusteko gune bilakatu zela.


Umiltasunez aurrera
Hamargarren urteurrena ospatzeko, ezelako ekitaldi ofizial edo galarik ez dutela egingo azaldu, eta orain 10 urte San Agustinek hartu zuen lehenengo kultur adierazpena izan dute ahotan: irailaren 11ko inaugurazio instituzionalaren hurrengo egunetan Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Sarobe pianista izan ziren euren musika eskaintzen. Ordutik 450 talde profesional aritu dira San Agustinen hamar urte hauetan, eta urtean, bataz beste, 200 egunetan izan da aretoa zabalik.

Aurrerantzean ere, kultur adierazpenei zabalik izango den espazio “dinamiko eta irekia” izatea dutela ikasturte berri honetan ere helburu nagusi aipatu dute arduradunek. Ikasturte berria, irailaren 21ean abiatuko dute San Agustinen, eta abuztura arte itxi barik izango dira ateak.

Koprodukzioan
Karrika antzerki taldeak ere 10. urteurrena izango du aurten, eta kulturgunearekin bat egingo dute ospakizunetan. Herriko antzerki taldearen eta kulturgunearen arteko urteetako lankidetzaren isla izango dira urteurrenerako bereziki sortutako antzezlanaren emanaldiak: irailaren 26 eta 27an, 22:00etatik aurrera, eta irailaren 28an, 21:00etan, izango da Ametsen faktoria izeneko antzezlanaren emanaldia.

Antzerki taldean batzen diren Durangaldeko  18 gaztek kale antzerkia eta San Agustin areto barrukoa uztartuko dituzte, Txotxe zuzendariak antzerkiaren inguruan sortutako testu bat oinarri hartuta. Bertako gazteek prestatutako ikuskizun “oso bisual” eta estetika oso zaindukoa egingo dute, San Agustinen eta taldearen beraren urteurrena ospatzeko.



Oporren bueltan San Agustin beteko duen lehenengo ikuskizuna, baina, irailaren 21ekoa dugu, eta, kulturgunearen berrikuntzaren isla izango da: hamar urteotan lehenengoz urte bat eta hiru urte bitarteko ikusleentzat sortutako Lorategian izeneko ikuskizuna eskainiko du Gasteizko Paraiso antzerki taldeak.

Hamarkada ospatu eta abendura bitarteko kultur programazioa betea du San Agustin kulturguneak. Gazte eta haurrentzako aproposak diren horien ondoren, urriaren 2an euskarazko emanaldian eta erdaraz biharamunean, Amamaren memoria antzezlana izango da ikusle helduagoei zuzenduriko hurrengo proposamena.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!