
Artium museoan, bai espazioan bai denboran gugandik hain hurbil egon arren, askotan ezezagun zaizkigun artisten lanak erakustea dutela helburu nabarmentzen dute, eta gure inguruko artistak ezagutzeko aukera da eskaintzen digutena.
Durangon jaiotako artista, gure kasuan Inguru hurbilak erakusketan gertukoen duguna da, eta diseinu grafiko eta digitalean landutakoa da bere lana.
Artiumen ikusgai dauden lanak osatzeko, ehundura eta trama bereziak sortu ditu oihaletan Ismael Iglesiasek, eta horman zintzilikatuta barik publizitateko hesi moduan edo barrikada moduan ipinita daude koadroak aretoan zehar: testuinguruz kanpo bezala topatuko ditu ikusleak hainbat elementu, eta bakoitzaren araberakoa da guztiaren zentzua.
Ondoren Londresen
Gasteizko Artium museoan irailaren 14rarte izango ditu bere lanak erakusketan, eta Londres eta Bartzelonako galerietan erakutsiko ditu lanak hil honen bukaeran Iglesiasek.
Bertako bizitza artistikoarekin elikatzera joana da lau hilabetetarako Londresera 34 urteko artista durangarra. Bere lanak erakusteko aukera izango du irailaren 30ean inauguratuko duen erakusketan Iglesiasek, Delfina Foundation izeneko galeria batean, Wall Screen deitu duen erakusketa batean. Margolaritzaren teknikak, bideoa zein instalazioak baliatuz, baina ordenagailuan landutako lanak dira aitatutako galerian ikusgai izango direnak, Minoriry Report eta Exodus filmeetan inspiratuak. Londresekoaren ondoren, Bartzelonan izango dira Ismael Iglesiasen lanak erakusketan.