Kultura kalean

Anboto 2008ko eka. 26a, 09:25

Hamar emanaldi izango dira uztailaren 26ra arte, antzokietatik atera eta oholtzarik gabe eskainiko dituztenak

Gaur hasi eta uztailean zehar, uda giroan sartuta gaudenerako apropos antolatutako kultur emanaldien eskaintza kalera aterako da Durangon; “barrukaldetik kanpora, kalera aterako da kultura”, Balier alkateordeak nabarmendu nahi izan duenez. Hamar emanaldi izango dira uztailaren 26ra arte, antzokietatik atera eta oholtzarik gabe eskainiko dituztenak.



Aurkezpenean izan dira, Durangoko Udaleko eta San Agustin Kultur Guneko ordezkariekin batera, mahai bueltan jesarrita, Uda Kalean Bizi jaialdiaren IX. edizio honetan euren lanak erakutsiko dituzten lau artista durangar. Kulturaren eta artearen kaleko erakusleiho honetan izango diren ikuskizunetatik lau Durangaldeko profesionalek eskaintzea benetan esanguratsua dela nabarmendu du Arantza Arrazola programatzaileak. Uda Kalean Bizi jaialdian eskainiko dituzten emanaldiak euren ahotik azaldu dizkigute sortzaile durangarrek, beraz. Ander Erzillak azaldu dizkigu, esate baterako, uztailaren 3an bere lau taldekideekin eskainiko duen jazz kontzertuaren nondik norakoak. Bost musikari batzen hasi eta gero, proiektu berria estreinatzeko lehenengo aukera izango ei dute Etxezarretakoa, azpimarratu duenez. Jazza izanik ere, eurena ez dela jazz ortodoxoa ere aurreratu du Erzillak, eta errepertorio “ulergarri eta gozagarria” osatu dutela uztailaren 3an 21:00etatik aurrera eskaintzeko.

Clown ikuskizuna dakarren beste durangar bat ere izan da aurkezpenean, uztailaren 11n 20:00etan hasita Santa Ana plazan erakutsiko duena. Renato da ikuskizun horretako protagonista, eta zirkuko artista bilakatu nahi izango du emanaldian zehar.
Uztailaren 17an Tabirako elizpean, antzerki, clown eta trapezioarekin izango da zita, Durangon bizi  den Cetxu Paganini artista argentinarraren Paso volátil ikuskizuna izango baita 21:00etatik aurrera. Pertsonaia berezi baten zoramen eta alaitasunarekin gozatu eta amets egiteko proposamena da, aritistak aurreratu digunez, ordu laurdeneko ikuskizun horretan egiten duena. Ondoren, musika entzunaldia izango da Irantzu Bartolome sopranoaren eta Maite Aranguren piano-jotzailearen eskutik, Tabiran bertan.

Hamar ikuskizunetatik eskualdeko artisten eskutik jasoko dugun hurrengoa, azken asteetan Durangaldean eta beste inguru batzuetan ere euren azken lana erakutsi duten Markeliñe Antzerki taldekoena izango da: Terapia egingo dute Ezkurdin, uztailaren 19an, 22:00etara.
Programazioa, herritar guztientzako modukoa egin nahi izan dutela aipatu dute antolatzaileek, adin guztiei begirakoa; eskaintza anitz eta kalitatekoa egin nahi izan dutela. Lurrean eta ezelako eszenatokirik barik, ikusleengandik gertu arituko dira Durangon.

Bi espazio berri

Historia Museoa hartzen duen Etxezarreta jauregian izango da Bost On Suite musika emanaldia, antolatzaileek nabarmentzen dutenez, leku berezia delako beti gustuko izan dute-eta Etxezarretako parkea. Eta Ezkurdi eta Tabirako elizpea izango dira aurtengo jaialdirako pentsatu dituzten beste bi kokaguneak. Uda Kalean Bizi jaialdiaren gune garrantzitsuena, baina, Durangoko kalea bera da, eta amaiera bertan emango zaio uztailaren 26an: alde zaharrean kalerik kale ibiliko da Portugalgo Dixie Gringos Jazz Band.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!