
Duela zenbait mende euskal arrantzaleek baleak ehizatzera egiten zituzten bidaiak biziberritzea izan zuen espedizio hark helburu, eta horregatik, arrantzale haiek bezala jantzita ibili ziren, eta arraunean egin zuten marinelek. Sei aste iraun zuen espedizioaren esperientzia berezi hark. Pasaiako Ontziolan egin, eta euskal baleazaleen museoan ikusgai dagoen XVI. mendeko txaluparen erreplika izan zuten bidaiarako ontzia. Sei aste haietan bizitakoa, kroniketan jasota uzteaz arduratu zen Ion Maia bertsolaria, baina bere ahotsean ere entzungai izaten dira Apaizac Hobeto espedizioko kontuak. Horretan izan dugu Durangoko Liburutegian asteon.
Durangon, barrurako, kasu honetan liburutegi barrurako antolatutako ekimenetan azkena izan da Ion Maiaren berbaldia. Aurrerantzean, kanporakoak, eguneko eguzkiaz eta gaueko udako ilargiez gozatzeko aproposak izango dira kultur proposamen gehienak.
Datorrenean, Oraina galdua
Ekainaren 25ean, Juan Ramon Makuso idazlea izango da Durangoko Liburutegiko gonbidatua. Kaleratu berri duen Oraina galdua liburua izango du filosofoak berbagai, 19:00etatik aurrera.