
Ekain erdialdean eskegi ditu bere lanak Durangoko Museoko lehenengoko solairuko aretoan.
Paisaiak lantzen ditu, eta bere begiekin eta adimenarekin ikusten dituen paisaia horiek koadroetan jasotzen. Aurreko beste lan batzuetan kolore lauagoak, zelanbait leunagoak, baliatzen zituen pintoreak, baina kolore nahasketa handiagoa eta kolore biziagoak baliatzen ditu orain.
Irudi batean, begiratu batean, osotasuna eta multzoa, baina begiratzen jarraituta zeinu eta detaile ugari ageri dituzten margoak dira bilduma honetan batutakoak. Izan ere, zatika moduan eginda daude. Errealitate desberdinak islatzen dituzte, batzuk bistarago daudenak eta ezkutukoagoak edo araztasun gutxiago dutenak beste batzuk. Bigarren, hirugarren, laugarren begiratuan identifikatzen dira koadroetako kandelak, ilargiak, errekak, gorputz-enborrak eta bestelako errealitateak.
Paisaien bitartez espazioak eta sakontasunak sortzea duela helburu dio marrazkilariak berak.
Durangoko bilduman erakusten dituenei buruz, “marrazkiak hainbat lekutan” egin dituela dio, “estudioan batzuk eta hegoaldean zehar egindako bidaietan beste zenbait”. Azken horiek kolore gehiago daukatela azaltzen du margolariak berak, eta apaindurarako joera handiagoa ere islatzen dutela. “Litekeena da hegoaldeko giroaren ondorioz eskua argiaren esanetara mugitzea”, azpimarratzen du autoreak bere lanean izandako aldaketa azaltzeko.