Soinu bandak, zuzenean

Anboto 2008ko eka. 12a, 10:57

San Agustin Kultur Gunean eskainiko dute emanaldia, zapatuan, ekainak 14an

Aurten 20. urteurrena dutela ospatzeko, hainbat ekimen ipini dituzte abian Herri Maite Akordoi taldeko partaideek. Asteburu honetakoa dute ospakizunetan lehenengoa: San Agustin Kultur Gunean eskainiko dute emanaldia, zapatuan, ekainak 14an.



Zapatuko kontzertu hori berezia izango dela aurreratu digute taldekideek, zinematik ezagun dugun 15 pelikuletako musika joko baitute zuzenean. Soinu bandak zuzenean jotzen dituzten bitartean, gainera, azaldu digutenez, hautatutako filme horietako zenbait pasarte proiektatuko dituzte San Agustinen. “Ikustera datozenentzat, zinemara joatea bezalakoa izango da”, azpimarratu du Mikel Nuñez taldekideak, eta herritar guztiak gonbidatu ditu 20. urteurrena ospatzeko antolatu duten ikuskizuna goazatzera. Denbora luzea daramate kontzertu hori bereziki eta gogotsu prestatzen.

Atzera begiratua
Urteurrenaren harira, atzera begirada botatzeko eskatu diogu taldeko kide den Mikel Nuñezi –taldeko piano jolea da eta duela 20 urtetik taldeko zuzendari denaren semea– eta hark esan digu, urteek aurrera egin ahala hazten joan da Herri Maite taldea. Akordeoia izan da beti Herri Maite taldearen oinarri nagusia, eta instrumentu horrekin lotuta ekin zioten zazpi taldekidek duela 20 urte elkarrekin musika egiteari. Esan digutenez, orain 10 urte bizi izan zuen taldeak bere garairik onena: 30 lagun zeuden orduan taldean. Guztira, 20 urtean 50 musikari inguru izan dira taldearen historia egin dutenak.

Akordeoia folklorearekin lotzen den instrumentua izan da beti. Tradizioko musika mota horretaz aparteko abestietan ere akordeoia baliagarria izan daitekeen instrumentua dela erakutsi nahi izan dute euren emanaldietan: akordeoiaren soinua bestelako doinu eta erritmoetan baliatzen dute. Taldea sortu zenetik 20 urte igaro diren arren, gaur egungo musikariak indartsu daudela esan digute, eta urte honetan izango dituzten ospakizunak sari moduan jasoko dituztela. 2008 urte honetan zehar hainbat kontzertu eskainiko dituzte, eta azaro inguruan egin asmo dute garrantzitsuena: taldean parte hartu izan duten akordeoilari guztiak batu gura dituzte urte bukaerarako.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!