Orain urte bi proeiktuak zirenak, errealitate bihurtuak dituzte iada Atarte ekimenean batutako Idurre Arrazola, Alaitz Muro eta Saroa Bikandik batetik, eta Aratz Azpirik bestetik. 2006ko deialdi hartan ere -aurtengoan bezalaxe-, bi proiektuaren artean banatu zen diru-laguntza, eta artistek eurek nabarmendu dutenez, hasierako asmoak moldatu egin behar izan dituzte.


Emaitza biak, asteon izango dituzte herritarrek lehenengoz begibistan. Batetik, eta urte eta erdian lanean jardun ostean, bariku honetan erakutsiko dute lehenengoz hiru emakume durangarrek, artearen sorkuntza prozesua gaitzat hartuta osatutako “Room Sea” izeneko proposamena. Ekainaren 6an, San Agustinen estreinatuko dute, 14 eta 18 urte arteko publiko gazteari zuzenduriko erakusketa eta performance ere badena. Artearen disziplina desberdinak esperimentatuz, eta Edward Hooper-en “Room by the sea” koadroa abiapuntu hartuta, sorkuntza prozesua gazteei hurreratzea dute helburu, azaldu dutenez, “gehienetan, artea azken emaitzarekin bakarrik lotzen dugu, eta guk sortze-prozesua guk bizi dugun moduan azaldu nahi diegu gazteei”. Arrazola, Muro eta Bikandik, argazkilaritzaren, ipuin kontalaritza eta literaturaren, eta arte eszenikoen sortze prozesuak lehen pertsonan zabalduko dizkiete gazteei.
Bariku honetan Durangon zehar kokatuko dituen 33 lanen bitartez ere, museo eta arte galerietatik, kalera atera nahi du Aratz Azpirik artea. “Kolorezko espazioa” kale erakusketan, herriko espazioen ikuspuntu plastiko berritzaile bat eskaintzen du Azpirik, urte betean osatzen joan den pintura instalazioekin.