Hirugarren postuan bukatu dute txapelketa

Anboto 2008ko mai. 28a, 12:49

Joan den asteburuan Durango Ilarduyaren bigarren taldeak Independiente R.C.-ren aurka jokatu zuen eta baita irabazi ere. Euskadiko Kopako partida zen eta garrantzitsua zen oso irabaztea.

Norgehiagoka polita ikusi ahal izan zen Arripausuetan. Durangarrek ederto hasi zuten partidua eta baita bukatu ere. Defentsan gogor agertu ziren, arerioari lekurik utzi gabe eta erasoan ere euren aurpegi onena erakutsi zuten. Izan ere, hiru entsegu egin zituzten  eta Independiente R.C.-k bakarra baino ez. Horrela, puntu ugari erdietsi zituzten eta azkenean 15-5eko markagailuarekin bukatu zen norgehiagoka.
Pozik agertu ziren jokalariak partiduaren bukaeran, eta garaipen horrekin azken sailkapenean hirugarren postuan geratu dira. Aurreko ligaxkan lau partiduetatik hiru irabazita geratu ziren bigarren postuan eta sailkapen nagusian hirugarren edo laugarren geratzeko aukera zuten baina irabazi ondoren Independiente R.C.-ren aurretik geratu dira. Sailkapen nagusiko irabazlea Hernani C.R.E izan da asteburuan Getxo Arteari 53-12 irabazi eta gero. Erabateko nagusitasuna erakutsi zuten gipuzkoarrek eta beraientzat izango da Euskadiko Kopa.
Gainontzeko partidak bertan behera geratu ziren eta beraz erabakitzeke daude oraindik sailkapen nagusiko azken postuak.
Durangarrek orain, atseden hartuko dute urte osoa entrenatzen eta partidak jokatzen eman ondoren. Bai lehenengo eta bai bigarren taldeak lan bikaina egin dute eta datorren denboraldira begira jarri aurretik arnasa lasai hartu ahal izango dute. Elorriko rugby taldeak ere, bere aldetik, gogoratzeko moduko denboraldia egin du aurten.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!