100 metro-ko probarekin hasi zen jardunaldia eta Bidezabaleko Julianna Popowicz izan zen garaile. Alicia Varas taldekidea, seigarren postuan sailkatu zen. Krosseko gainontzeko probak irabazi ez zituzten arren, sailkapenean oso ondo geratu ziren durangarrak. Ondoren pertika saltoa eta altuera saltoa egin zituzten kirolariek eta Bidezabaleko emakumeak lehen zortziren artean sailkatu ziren, goi samarrean gainera. Luzera saltoan bigarren postuan geratu zen Elzbieta Zagacka eta salto hirukoitzean lehenengo. Maila bikaina eman zuen Bidezabal taldeko kirolari honek. Pisu jaurtiketan ere durangarrak izan ziren onenak. Agnieszka Jarmuzek eta Natalia Ourmakaeva Bidezabal taldeko kideak lehen eta bigarren postuak erdietsi zituzten, hurrenez hurren. Jarmuzek gainera, disko jaurtiketan ere lehen postuan geratu zen abantaila handiarekin.
Xabalina jaurtiketan bestalde, hirugarren eta laugarren postuak erdietsi zituzten durangarrek, Playas de Jandiako jaurtitzailea izan baitzen onena. Mailu jaurtiketan, laugarren eta bostgarren geratu ziren Durangoko ordezkariak. Martxa modalitatean egindako bost kilometroetan ordea, Bidezabal taldeko Eva Maria Iglesias izan zen onena baina erreleboko hiru probetan ez ziren finegi ibili durangarrak.
Hala ere, lehenengo postuan bukatu zuten bigarren jardunaldia Bidezabal taldeko emakumeek eta ohorezko mailan mantenduko dira hirugarren jardunaldia jokatzeko beharrik gabe. Guztira, 184 puntu batu zituzten, bigarrenak baino 10,5 gehiago, alegia. Playas de Jandia izan zen bigarrena eta Asefican Pielagos geratu zen hirugarren 169,5 punturekin. Azkenengo postua ISS L’Hospitaletentzat izan zen. Hauek 158 puntu soilik erdietsi zituzten eta guztiz okertu zaie ohorezko mailan geratzeko aukera.
Lan bikaina egin zuten beraz larunbatean Bidezabaleko neskek eta horri esker ohorezko mailan jarraituko dute.