XI. edizioa izango du maiatzaren 30etik ekainaren 8rakoa Durangoko Udalak, eta herriko 25 elkarte baino gehiagoren elkarlanarekin antolatutako Euskal Aste luzeak. Kalitatezko kultur ikuskizunak ekarriko ditu egitarau honek Durangoko areto eta kaleetara. Kulturaren askotariko adierazpideak izango ditugu aukeran; musika, artea, dantza, antzerkia eta berba bera oinarri hartuta.
Aurtengo edizio honetan, kultur adierazpide horietariko bat nabarmentzekotan, esan liteke dantza ikuskizunek leku berezia izango dutela Euskal Astean. Egitaraua azaltzen duten eskuorri eta karteletan ere dantza da protagonista. Euskal Astearen egitarauko ohiko hitzordua duguna, Tronperri Dantza Taldeak antolatutako ikuskizuna da, eta beste urte batez zazpi herrialdeetako dantza taldeak gonbidatu dituzte maiatzaren 31 eta ekainaren 1ean egingo diren emanaldietara.
Lehenengoz, Akelarrea ikuskizuna Durangon egingo du –Tabirako arboladian, hain zuzen ere– Kriskitin dantza taldeak; ekainaren 7an, 22:30ean izango da hori. Egun berean, baina San Agustin Kultur Gunean, dantza garaikideko Hynu illa... ikuskizunaren estreinaldia egingo dute Kukai dantza taldeak eta Tattaka antzerki taldeak; dantza eta antzerkia uztartu eta Joseba Sarrionandiaren olerkiak oinarritzat hartzen dituen ikuskizuna da aipatutakoa.
Euskal Asteak dantzari emandako garrantziaren isla da ekainaren 8an egitarauari amaiera emango dion proposamena ere: arduradunek esan digutenez, herriko inmigranteen elkarteei gonbidapen berezia egingo diete Erdizka lauetan erromerian parte hartu dezaten; Euskal Astea kulturen hartu-emanerako ere baliagarri izan daitekeela uste dutela nabarmendu dute.
Egun askotarako eta egun osorako proposamenak dira XI. Euskal Astekoak, eta kale animazioa, herri-bazkaria, ikus-entzunezko emanaldiak, txotxongikoak eta abar ekarriko ditu. Maiatzaren 30erako Haurrentzako zezenak dira ikuskizunarekin abiatuko da 18:30ean, eta kale animazioa izango da gero. Hurrengo egunean, zapatuan, Kaleko Margo Lehiaketa eta Berziztu elkarteak antolatutako Durango Hiria IV. Lehiaketako sari banaketa izango dira ekainean segida izango duen Astearen abiapuntu.