Gero eta parte-hartzaile gehiago aurkezten direla Durangoko deialdi honetara esan digute antolatzaileek, eta, finkatzeko bidean, sorkuntza lanetan dabiltzan herritar guztiak deitu dituzte datozen deialdietara euren ideia eta asmoak aurkeztera.

Duela hiru urtetik egiten dutenez, Sorkuntza Artistikoa Bultzatzeko Bekaren deialdia egin zuen Durangoko Udalak 2007an, eta hiru mutil gazteren egitasmoak izan dira aukeratuak. Mari Jose Balier kultura zinegotziarekin eta San Agustin Kultur Guneko arduradun Arantza Arrazolarekin batera eginiko agerraldian azaldu dituzte euren proiektuak, Carlos Martinezek eta Ismael eta Carlos Iglesiasek. Carlos Martinez 25 urteko diseinatzaile grafiko durandarrak, Lost in Durango proiektua aurkeztu du diru-laguntzara, eta Durangoko gazte batzuei egindako zenbait argazkitatik abiatuta, jendaurrean erakusteko bost bideo sorkuntza egitea du asmoa. Bere proposamena gustuko izan du Durangoko Udalak izendatutako epaimahaiak, eta 2.500 euroko diru-laguntza jasoko du proiektua aurrera ateratzeko. Urtebete izango du bere lanaren emaitza jendaurrean erakusteko. Aurkezpenean jakitera eman duenez, “azkenaldian daroadan lan ildoarekin jarraitzea izango da helburua”, azaldu du Martinezek. Lan ildo hori, zehaztu duenez, Hitchock-ek ulertzen zuen lez, suspentzea hartuko du “leit motiv” moduan. Diseinu grafikoa ikasi eta alor horretan freelance moduan egiten du lan Carlos Martinezek. Berak azaldu duenez, halako lehiaketa, sariketa eta diru-laguntza deialdietan parte hartzeko ohitura du. Bideoak osatzerakoan landuko duen gaia “erradikalismo pasiboa” izango dela aurreratu du Carlos Martinezek.
Iglesias anaiek aurkeztutako proiektuaren ataletako bat ere ikus-entzunezko dokumental bat osatzea izango da, baina hori, azaldu dutenez, Durangok jasan dituen aldaketa estetiko eta sozialak islatzeko helburuarekin egingo dute. Euren herriko plano, argazki eta bestelako dokumentu historikoak bildu, eta aldaketa ezagutzera eman nahi dutela esan dute, eta horretarako herritarren laguntza ere eskatu dute: Durango zelakoa zen erakutsi dezaketen dokumentuak lortu nahi dituzte ; Durangoko argazki zaharrena topatzea dute lanaren helburuetako bat. Arte Ederretan eta Kazetaritzan lizentziatutako anaiek, 5.000 euroko diru-laguntza izango dute bekatik, baina finantziazio moduak zabaltzeko asmoa dutela ere eman dute jakitera Udalean egindako agerraldian.