Lecrerc taldea etorri zen durangora, EBA ligara igotzeko borrokan dauden taldeetako bat hain zuzen ere, baina durangarrek ez zuten etsi eta lan handiaren ondoren garaipena patrikaratu zuten. Parekatuta hasi zen norgehiagoka, zazpigarren minutuan 12-17 zeudelarik. Baina Tabirako indartsu agertu zen defentsa lanetan batez ere eta arerioaren hutsei esker atsedenaldira 42-35 joan ziren. Hirugarren zatian egon zen durangarren garaipenaren gakoa. Lecrerc gogor defendatzen hasi zen eta Tabirakok ezin zuen baloirik saskiratu. Hala ere, durangarrak tinko mantendu ziren atzean eta Lecrerc-ek 8-14ko partziala egin arren, durangarrek ongi eutsi zioten markagailuari.
Laugarren laurdenean arerioek estrategia aldatu zuten pibotei baloiak pasatuz. Dena dela, Tabirakok bi baten aurkako defentsa egin zuen behealdean eta hainbat baloi ostu zituen ondoren kontraerasoak eginez. 32. minutuan Lecrerc aurretik jarri zen markagailuan 54-56 baina Tabirakoren defentsak buelta eman zion markagailuari; 62-56 jarri ziren berriro etxekoak. Azken minutuetan partida durangarrek dominatu zuten eta merezitako garaipena eraman zuten beraz Landakoko kiroldegitik; 77-69 izan zen azken emaitza.
Orain arte emaitza txarrak lortu arren Tabirakok burua altxatzeko arrazoi dezente ditu larunbateko garaipenaren ondoren. Azken postuan dira oraindik ere durangarrak baina borrokatzeko prest dira, ahalik eta goren heltzeko. Zornotza, CNP-UPNA eta Fundacion Euskotran Baskoniarekin batera berdinduta daude sailkapenaren zonalde gorrian.