Jokoan nagusi izan arren, markagailuan banakoa

Anboto 2008ko mai. 1a, 10:46
Lagun Onak talde gipuzkoarra etorri zen joan den asteburuan Tabirara eta sailkapenean goialdean dauden arren, ez zuten futbol maila handiegirik erakutsi. Kulturala gehiago izan zen.
Kulturalak sailkapenean aurrera egiteko aukera paregabeak galdu ditu azken bi jardunaldietan. Zarautzen kontra galdu egin zuten Txintxurretarenek eta asteburuan Lagun Onak taldearen kontra bana egin zuten. Gauzak horrela, sailkapenaren zulo beltza hurbildu egin zaie berriro durangarrei. Duela gutxi hasi ziren garaipenak eskuratzen baina azken bi partidetan ezin izan dituzte hiru puntuak gehitu. Izan ere, ongi jokatzen du Kulturalak, agian Tabiran kanpoan baino hobeto, baina joko ona egiten ari dira Ricardo Txintxurretaren gizonak. Hala ere, futbolean jokoa ez da nahikoa eta golak egin behar dira irabazteko. Asteburuan bakarra egin zuten, baina gipuzkoarrek markagailua berdintzea lortu zuten eta puntu bat baino ez zen etxean geratu.
 Partida gol aukera argirik gabe hasi zen, jokoaren nagusitasuna talde biena zelarik. 24. minutuan etorri zen durangarren lehen aukera. Ibanek falta polit bat bota zuen baina zoritxarrez baloia ez zen sareetan sartu. Dena dela, hiru minuturen buruan Jon Condek baloia hartu eta jokaldi zoragarri bat egin zuen gola eginez. Jokalariak  poz handiz hartu zuten Conderen gola eta indartsu jokatzen jarraitu zuten. Hala, Condek berak beste saiakera bat egin zuen baina Vallejok ongi geratu zuen. Azpeitiarrek beren aldetik, e zzuten aukerarik egin eta lehen zatia horrela amaitu zen.
Bigarrenaren zatian zuri urdinak metro batzuk atzeratu ziren defentsa gogortzeko. Horrela, kontraerasoa bilatu nahi izan zuten baina jokaldi onena 69. minutuan egin zuten Naldak, Ispik eta Izarrak. Ioritzek hartu zuen azkenean baloia eta jaurtiketa gogorra egin zuen aurrelari durangarrak, baloia atzelari batek kornerrera bidali zuen arren.   Lagun Onak taldea bitartean, lozorroan zegoen aukerarik egin gabe. Baina partida amaitzear zela, hots, 94. minutuan, Orbegozo goleatzaileak buruz errematatu eta izugarrizko gola egin zuen durangarren zoritxarrerako. Epaileak ez zuen beste ezer egiteko aukerarik eman, gola egin bezain laster partidari amaiera eman baitzion.
Burumakur etxeratu ziren durangarrak, garaipena  bideratuta izan bait zuten partidu osoan. Gainera, sailkapenean min haundia egin die asteburuko emaitzak. Hamaseigarren postura erori dira eta 35 puntu dituzte. Gainera, liga bukatzeko geratzen zaizkien arerioak bigarren B mailara igotzeko play off postuetan daudenak dira eta oso zaila izango da norgehiagoka horietan hiru puntuak eskuratzea. Asteburuan, Zamudioren kontra jokatuko dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!