Gimnasia guztien gozagarri

Anboto 2008ko mai. 1a, 10:38
Landakon jokatu zen gimnasia erritmikoaren txapelketako hirugarren fasea eta Durangoko Uztai Taldeak maila altua erakutsi zuen modalitate guztietan.
Haurren kategoriako neskak izan ziren erakustaldia egin zuten lehenak. Asti-Leku, Bentades, Letadi, Sopelana eta Durangoko Uztai Taldea izan ziren Landakoko kiroldegiko lehen protagonistak eta txalo artean bukatu ziren beren erakustaldiak. Uztaia erabili zuten lehenengo eta bigarren erakustaldian uztaia eta pilota. Bigarrenean talde gehiago lehiatu ziren eta maila parekatuago egon zen. Durangarrek, bigarren eta laugarren postuak erdietsi zituzten kategoria honetako bi erakustaldietan eta Letadi geratu zen lehen postuan.
Hauen ondoren kadeteen txanda izan zen. Askartza, Sopelana, Sakoneta, Santutxu, Ekintza, Basurto eta Uztai taldea aritu ziren nor baino nor gehiago. Uztaia eta mazoa erabili zituzten oraingoan neskek, euren abilezia erakutsiz. Lehenengo taldeka lehiatu ziren eta gero banaka. Banakakoan talde gehiago izan ziren lehian eta durangarrek ondo eutsi zioten mailari. Taldekako erakustaldian seigarren sailkatu zen Uztairen lehen taldea eta lehen postuan Sakonetaren bigarren taldea geratu zen erakustaldi bikain baten ondoren. Askartzako lehenengo taldea izan zen bigarren sailkatua eta Sakonetaren lehenengo taldea hirugarrena. Talde indartsuak direla erakutsi zuten beste behin ere eta gimnasia erritmikoan gorenera heldu nahi dutela.
Arratsaldean ere gimnasia erritmikoak ez zuen atsedenik hartu. Bizkaiko taldeetako neskatxak, bazkaldu eta erakustaldietarako prestatu ziren hurrengo faserako sailkatzeko asmoz. Uztaiarekin eta taldeka lehiatu ziren arratsaldeko lehenak. Askartza, La Salle, Miragarri, Sakoneta eta Santutxu lehiatu ziren eta denek ere, erakustaldi politak egin zituzten. Hauen ondoren uztaiarekin baina bakarkako erakustaldia egin zuten umeek. Oraingoan Askartza, Miragarri, Sakoneta eta Santutxu izan ziren nor baino nor gehiago. Azkenek arratsaldeko bost t’erdietan egin zuten erakustaldia. Askartza, Sakoneta, Miragarri eta Santutxuko neska gazteak izan ziren pilotarekin ausartu zirenak.
Igandean Uztai Taldeak Sopelako txapelketan hartu zuen parte eta lehiatu ziren bi taldeek hirugarren eta zazpigarren postuak erdietsi zituzten. Asteburu borobila izan zen beraz Uztai Taldeko neskatoentzat.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!