Biribilak

Anboto 2008ko mar. 27a, 13:26

Martxoa bukatu arte Durangoko Museoan ikusgai izango da Amaia Aberasturi durangarraren lana.


Martxoa bukatu arte Durangoko Museoan ikusgai izango da Amaia Aberasturi durangarraren lana. Orain arte bertaratzeko aukerarik izan ez dutenek, beraz, asteburu hau aprobetxatzea izango dute aukerarik onena.



Biribilak izeneko erakusketa da arte ederretan lizentziaturiko durangarrak bere herrian baino lehen Arrigorriagan erakutsi duena. Orain sorterriko museoan jaso eta gerturatzen diren guztien aurrean erakusteko aukeran izan da 1991. urtetik hainbat aretotan bere lanak eskegi dituen Aberasturi.

Durangoko Museoko hormetan zintzilikatu dituenak hainbat kolore eta testuratako biribilak dira, baina zirkunferentzia berekoak, tamaina handikoak denak. Euskarria lurrezko biribil bat duten arren guztiek, desberdinak dira oso batzuk besteetatik: koloretsuak batzuk eta lurraren hainbat tonalitate jasotzen dituztenak beste zenbait. Ukitzeko gogoa ematen duten testurak lantzen ditu batzuetan, eta kolore biziagoak beste batzuetan. Lumak ere erabiltzen ditu artistak bere sorkuntzak egiteko,  oraingo honetan denon begien aurrean ipini dituen biribilen serie hau egiteko adibidez.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!