Bana berdinduta, azken aurreko postuan orain

Anboto 2008ko ots. 21a, 17:24

Txintxurretarenek bana berdindu zuten asteburuan, eta horrela azken aurreko postura salto egin zuten, Vitoriari azken postuan utziz.

Ez dira azkenak baina azkenengotik hurbilegi daude. Txintxurretarenek bana berdindu zuten asteburuan, eta horrela azken aurreko postura salto egin zuten, Vitoriari azken postuan utziz.

Partidu polita izan zen. Txintxurretarenak indartsu atera ziren eta, gainera, Ander Bastida jubenilen taldean jokatzen duen aurrelariaren laguntza izan zuten. Normalean hasierako hamaikakoan izaten diren Zallo eta Zaitegi aurrelariak aulkian utzi zituen Txintxurretak, eta Abasolo eta Bastidarengan jarri zuen konfidantza. Bigarren zatian, partidua irabazteko xedez, Zallo eta Zaitegi atera zituen baina ez zen nahikoa izan. Golak sartzeko dituzten arazoak agerian geratu ziren eta ezin izan zituzten hiru puntuak eskuratu. Amurriok talde sendoa dela erakutsi zuen, eta epaileak hamar jokalarirekin utzi bazuen ere, arabarrek partiduari eutsi zioten. Durangarrak hamarren aurka ere ez ziren irabazteko gai izan.

Larunbatekoa ahaztu beharra dago orain, eta asteburuan pentsatzen hasi. Elgoibar aldera joan beharra daukate Txintxurretarenek bihar. Hamargarren postuan daude gipuzkoarrak, eta 36 puntu dituzte. Ea oraingoan zorte hobea duten.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!