Ezintasuna nabarmen liderraren aurrean

Anboto 2008ko ots. 21a, 17:05

3-6 galdu zuten joan den asteburuan Euskal Ligan diharduten Durangoko Sasikoa B taldeko gizonek liderra den Kenci taldearen aurka. Sasikoak ezin izan zion aurre egin; hiru gol egin zizkion arren, nagusitasun nabarmena erakutsi zuen liderrak.

3-6 galdu zuten joan den asteburuan Euskal Ligan diharduten Durangoko Sasikoa B taldeko gizonek. Izan ere, Kenci taldea etorri zen Durangora eta liderra dela argi utzi zuen. Sasikoak ezin izan zion aurre egin; hiru gol egin zizkion arren, nagusitasun nabarmena erakutsi zuen liderrak.

Horrela, partidu hau galduta atzerapausu nabarmena egin dute durangarrek. Hamazortzi jardunaldi jokatu dituzte jada, eta horietatik bost baino ez dituzte irabazi. Horrela, hamalaugarren postuan kokatu berri dira sailkapenean, eta egoera ez da batere erosoa. Etxetik kanpo, gainera, partidu bakarra irabazi dute eta horrek eragin nabarmena izan du sailkapenean. Golak egiteko zailtasuna izan da, batez ere, horrenbeste partidu galtzera eraman dituena. Hamazortzi partidutan 45 gol soilik egin dituzte. Jasotakoak 73 izan dira eta, beste talde batzuekin alderatuz, defentsa lanean nahiko ondo dabiltzala esan genezake. Hala ere, arestian aipatu dugun bezala, erasoa indartu behar dute eta entrenamenduek berebiziko garrantzia dute.

Seigarren postuan dagoen UPV Alavaren kontra jokatuko dute asteburuan, Gasteizen. Partidu zaila izango da benetan, aurkariaren dohainak ezagututa. Hala ere, irabazi egin beharko dute sailkapenaren zulo beltzetik ateratzea lortzeko.

Lehenengo taldeak ere galdu egin zuen Aierru Algeposaren kontra. 8-4koa izan zen azken emaitza eta horrek zortzigarren postuan utzi ditu. Asteburuan hamaikagarren postuan dagoen Jarrillerosen aurka jokatuko dute durangarrek, etxean. Elorrioko, berriz, hamabigarren da, 4-3 galdu ondoren. Iturriondo Pinturas Izkara izan zuten arerio eta ozta-ozta izan bazen ere, ezin izan zuten etsaia mendean hartu.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!