Landakon jokatu arren, partiduetan saskiratzea ez da entrenamenduetan bezain erraza izaten. Horixe gertatu zitzaien Gaizka Barearen neskei: saskiraketa gutxi egin zituztela. Normalean baino arazo gehiago izan zituzten saskian baloia sartzerako orduan, baina hala ere, markagailuan arerioak baino puntu gehiago egin zituzten eta, beraz, partidua irabazi egin zuten. 45-38 izan zen azken emaitza.
Bi taldeek arazoak izan zituzten erasoan eta ez zuten baloiak saskiratzeko abilezia agerian uzterik izan. Hala ere, garrantzitsua izan zen durangarrek lortutako garaipena. Bostgarren postuan jarri dira Barearen neskak. Aurretik talde oso indartsuak dituzte, Gernika edo Ibaizabal kasu, eta oso zaila da gisa horretako aurkariei irabaztea. Hala ere, gainerako taldeen aurka jokatutako partidu ia guztiak irabazi dituzte durangarrek. Orain arte lortutakoen estatistikak onak dira. Hamazortzi partidu jokatu dituzten eta bost baino ez dituzte galdu. Datorren asteburuan, baina, erronka zaila dute Tabirakoko neskek: laugarren postuan dagoen Bera Bera Gross izango dute arerio eta zaila izango da donostiarrei irabaztea. Irabaziko balute, baina, sailkapenean aurrerapausu garrantzitsua egingo lukete, dudarik gabe.
Gizonezkoek ere irabazi egin zuten asteburuan. Goierri-Vercolen aurka aritu ziren eta ondo egin zuten egin beharrekoa. Lehenengo zatian indartsu atera ziren eta, bigarrenean lasaitu ziren arren, partidua irabaztea lortu zuten. 84-73 izan zen azken emaitza.