Durangoko Arripausueta zelaian ospatu zuten, joan den asteburuan, rugby topaketa. Euskal Herriko, Santanderreko eta Madrilgo eskolek parte hartu dute aurtengo topaketan, eta aberasgarria izan zen hurbildu ziren umeentzat gainerako eskoletakoekin rugbyan aritzea.
Guztira, 330 ume izan dira, denak 6 eta 13 urte bitartekoak. Bilbo, Gernika, Getxo, Sestao, Mungia eta Elorrioko eskoletako umeak izan ziren Bizkaia Mailakoak. Santanderreko eskola independenteko umeak eta Gasteizko Gaztedi klubekoak ere gonbidatu zituen Durangoko Sukia rugby eskolak. Gonbidatu berezien artean aurtengoa Madrilgo Cisneros kluba izan da.
Umeek rugbyan jokatzeari ekin zioten goizean goizetik, eta ume ugari bildu zirenez, txikienek Durangoko mankomunitateko zelaia erabili behar izan zuten rugbyan aritzeko.
Goizeko 10:30ean ekin zioten gustukoen duten kirola praktikatzeari. Partiduak giro bikainean jokatu zituzten eta umeek ederto pasatu zuten. Kirola egin ondoren, denek tripa betetzeko ordua iritsi zitzaien; talde guztietako umeen konpainian denek batera luntxaz gozatu zuten. Eguraldi ona egin zuen, gainera, eta horrek asko lagundu zuen pentsatutako ekintzak aurrera ateratzeko orduan. Gainera, umeek rugbyaz disfrutatzeko abagunea izan zuten eta asko ikasi zuten beste taldeetako umeengandik.
Oro har, izugarrizko harrera izan zuen topaketak, bai umeen bai bertaratu ziren arduradun zein gurasoen aldetik. Ekimena antolatu zuen Durangoko Sukia rugby eskola oso pozik agertu zen izandako harrera eta emaitzekin.
Sukia, bere aldetik, Miarritzera gonbidatu berri du Kirolaren Euskal Akademiak. Rugby eskola osatzen duten entrenatzaile eta jokalariek entrenamendu programa batean parte hartuko dute, teknika eta erak hobetzeko xedez. Kirolaren Euskal Akademiak Sukia rugby eskolarengan izan duen konfidantza oso garrantzitsutzat jo dute arduradunek. Gainera, Olympique taldea akademiaren bultzatzaileetako bat da eta horrek prestigio handia ematen dio. Beste hainbat bultzatzaile garrantzitsu ere baditu eta hori azpimarratu nahi izan du Sukiak.
Rugby entrenatzaileak eta jokalariak hobeto entrenatzea eta teknika aldetik lantzea da programa horren asmoa eta, bide batez, kirolari gazteen errendimendua hobetzea. Gainera, kirolariek euren karrera amaitzen dutenean lan munduan sartzeko erraztasunak ematea da haien beste helburuetako bat, eta hau ere garrantzitsutzat jo du oso Durangoko Sukia rugby eskolak.