David eta Unai Etxebarria txirrindulariak omenduko dituzte larunbatean Durangon. Omenaldiari hasiera emateko, eguerdiko ordubi t’erdietan bazkaria antolatu dute Plateruenan. Gero, arratsaldeko bostetan omenaldia egingo diete.
David eta Unairen lagunak izan dira ekimen honen antolatzaileak. Garrantzi handiko txirrindulariak izan dira biak ala biak, eta hori aintzat hartuz behar bezalako omenaldia egitea otu zitzaien.
Izan ere, Davidek eta Unaik agur esan diote behin betiko txirrindularitzari. Biak ere profesionaletan aritu izan dira eta garaipen ugari erdietsi izan dituzte. Txirrindularitzaren ikono izan dira eskualdean bai abadiñarra eta bai iurretarra ere. Unaik Euskaltel Euskadin egin ditu bere azken urteak eta Davidek aldiz Liverty Segurosen kamiseta jantzi du azkenengoz. Hala ere, agur esateko ordua iritsi zaie eta beraien lagunek biharko eguna aukeratu dute bien ibilbidea oroitzeko eta merezitako errekonozimendua egiteko.
Baque eta Plateruena Kafe antzoiaren babesa izan dute David eta Unairen lagunak ekimena antolatzerako orduan.