De Norte a Sur, Plateruenan

Anboto 2008ko ots. 15a, 10:57

De Norte a Sur elkarteko helduen talde batek egingo du erakustaldia, Asi somos ikuskizuna.

Otsailaren 22an izango dute bigarren zita Abadiñoko kultur elkartekoek Durangoko Plateruenean. Lehenengo emanaldia taldeko gaztetxoenek eman zuten joan zen asteburuan, eta eurak ikusteko bete egin zen antzokia. Recuerdos izeneko ikuskizuna eskaini zuten, emakume etorkin baten kontakizunak oinarri hartuta dantza eta antzerkia uztartzen dituena. Abadiño, Durango, Berriz eta beste herri batzuetako kideak dituen kultur elkartearen duela 10 urtetiko jardunaren isla izan zen antzokiko emanaldia. Izan ere, De Norte a Sur elkartearen barruan, Andaluziako folklorearen hainbat alderdi lantzen dituzte, abesbatzaren eta dantza taldearen bitartez, besteak beste. Dantza taldean, astero birritan batzen diren taldeak osatzen dituzten 150 lagun dituzte elkartean, eta horietan gaztetxoenak direnak izan ziren barikuko emanaldian protagonista nagusi.


Nagusiagoak


Gaztetxoenen ondoren, baina, De Norte a Sur elkarteko helduen talde batek egingo du erakustaldia, Asi somos ikuskizunarekin. Bertan, aurreratu digutenez, Andaluziako dantzen –sevillana, paso-doble, tango eta beste hainbat– erakustaldia egingo dute. Hain zuzen ere, ikasturtean zehar landu dituzten dantzak oholtzaratuko dituzte nagusiagoek.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!