Hamarkada erdi beteko dute aurten Durangoko Arte eta Historia Museoan antolatzen duten Artea Ezaupide hitzaldi sortek. Aurtengoan, artearen zirkuituak gaitzat izango dituzten hizlariak gonbidatu dituzte otsailaren 7, 21 eta 28ko hitzorduetarako. Askotan egungo artearen aurrean ikusleok “·galduta” sentitzen garela esan digu Aitor Aurrekoetxea jardunaldion antolatzaileak, eta hori saihesteko bidea ipini nahi dutela ere bai. Artea begiratzeko zenbait jarraibide eskaini nahi dizkiote, berbaldi hauekin, Museora gerturatzen diren herritarrei. Arteak beldurra eman barik, arteaz disfrutatzeko modu desberdinak egon badaudela erakutsi nahi diete otsaileko iluntzeetan hitzaldietara joango direnei. “Artea joko bat ere badelako”, esan digu Aitor Aurrekoetxea filosofia irakasle eta antolatzaileak.
Artearen gaur egungo egoerara gerturatzeko akuilua izango da Iñigo Sarriugarte EHUko Arte Garaikideko irakasleak eskainiko duen hitzaldia, otsailaren 1ean. Madrilen egiten den Arte Garaikideko ARCO azoka ere otsaileko bigarren astean izaten denez, Durangoko Artea Ezaupide jardunaldietan parentesia egiten dute aste horietan, hitzaldietara eta azokara joateko aukera izan dezaten guztiek. Ondorengo hitzordua otsailaren 21ean izango dute, eta Xavier Laka eskultore eta irakasleak begirada kritikotik egindako gogoetak entzun eta eztabaidatuko dituzte parte-hartzaileek. Azken berbaldian, otsailaren 28an, berriz, Bilboko Guggenheim museoaren inguruan arituko da Miguel Lopez-Remiro museoko ordezkaria.
Jende interesdun ugari etorri izan dela bost urteotan arteari buruzko jardunoldiotara eta horrexegatik oso positiboki baloratzen duela orain arteko ibilbidea esan digu Aurrekoetxea antolatzaileak. Jendea eta antolatzaileak formularekin –azalpenak entzun eta norbere gogoetak konpartitzeko aukerarekin– oso gustura agertu direla dio. Gonbit berezia egin diete aurten unibertsitateko ikasleei.