Pastime with good company ingelesezko izena ipini dio Durangoko Bogoroditsie Abesbatzak talde moduan kantuan diharduela 10 urte betetzen direla ospatzeko zapatuan izango duten emanaldiari. Ingelesezko berba horiekin, lagunen konpainia onean denbora pasatzeko intentzioa agerian uzten dute abesbatzekoek.
Lagunen ahotsekin
Horretarako, zer aproposago herrian eurak bezala kantuan dabiltzan “abesbatza lagunak” oholtza konpartitzera deitzea baino. Zapatuan, San Frantzisko elizan izango den kontzerturako Durangoko Musika Eskolako Bartolome Ertzilla eta Durangoko Doinu Zahar Abesbatzak gonbidatu dituzte, Orpheo izeneko Leioako Abesbatzarekin batera.
Aipatu ditugun eta Bogoroditsie taldearen ospakizunarekin bat egingo duten herriko beste bi abesbatzentzako ere azken aldi hau ospakizunez jositakoa izan da. Izan ere, atzean utzi berri dugun urtea urteurreneko ospakizunekin amaitu dute bai Durangoko Musika Eskolak bai Doinu Zahar abesbatzak ere.
Zapatuko kontzertua emanaldiari izena ematen dion Ward Swinglek moldatutako Inglaterrako Enrique VIII.aren konposizioarekin, Pastime with good company kantatzen, abiatuko dute, eta ondoren hiru koruek elkartuta batzuetan eta bakarka besteetan, hainbat abesti eskainiko dizkiete San Frantziskoko monastegian bilduko diren entzuleei.
Besteak beste, zapatu gauean batuko diren ahotsen artean, EcceQuomodo Moritur justus, Veranito Porteño, Javier Bustoren Ametsetan –hau abesbatza guztiek batera eta Isabel Mantecóren zuzendaritzapean–, Ave Maria, Aita Gurea eta Neskatx’ederra eskainiko dituzte.
1997an egonkortzen hasitako kantariek osatutako Bogoroditsie abesbatzak, egun, 18 eta 40 urteko gizon eta emakumeen ahotsak biltzen ditu, eta zapatuan euren urtebetetzea ospatzeko azkenengo hitzorduan indar eta sentimentu guztiarekin kantatuko dute